Katxiporretakoen lan berriak Borobilean du izena, eta bizikidetzan sortzen diren arazoen eta gatazken gainean arituko dira oholtza gainean. Marimori, Maribel andereñoa, pailazoen bizilagun erretxina den Jeronimo… pertsonaia berriak izango dira ikuskizunean, eta, nola ez, dantza eta kanta berriak ere eskainiko dituzte, txikienen gozamenerako.
Ipuinak eta diskoa
Lan hori osatzeko, Uxue Alberdik idatzitako kartoizko lau liburuxka batu dituzte: Nork agintzen du etxean?; Nork agintzen du kalean?; Nork agintzen du eskolan?; Nork agintzen du kuadrilan?. Horrez gainera, hamahiru kantaz osatutako diskoa atera dute; azken hori, Karlos Osinaga eta Joseba Ponce musikariekin eta beste hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin. Honela azaldu du Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek: "Bonberenea gaztetxean grabatu dugu diskoa, 20 urte betetzen dituztelako, guk 30 bezala, eta, hori dela eta haiekin ospatu nahi genuen. Rockero samarra irten zaigu, eta, kasu honetan, pailazook egin ditugu letrak, azken boladan pedagogiaren gainean irten diren gaiez: sentimenduen txokoa, Porrotx-ek gona gorria jarriko du kalean, etxean jartzen duen moduan… Etxeko, kaleko eta eskolako gaiez sortu dugu diskoa…".
Gatazkei aurre eginez
Aurrerapen gisa, diskoan bada kanta bat, Motxila gora izenekoa. Motxiladunak izeneko umeei zuzendutakoa. Motxiladunek astebururo ehunka kilometro egin behar dituzte preso dauden senideak bisitatzeko, eta ume horietako hainbatek hartu dute parte kanta osatzen. Abestiaren letra, berriz, Miren Amurizak egin du. "Diskoa oinarria da ikuskizunerako, ipuinekin batera. Sortzen zaizkigun gatazkei aurre egingo diegu, borobilean. Bizikidetzari ate bat zabaltzeko", azaldu du Agirretxek.
Sarrerak salgai
Azaroaren 7a ezkero salgai daude ikuskizunerako sarrerak, sei eurotan, Manuel Muñoz kiroldegian. Edozelan ere, egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere egongo da.