Iaz izan zuen arrakastaren ostean, bigarren urtez egingo dute Eskoriatzako pintxo lehiaketa; herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeaz gain, pintxoak egiterakoan bertako produktuak erabiltzea sustatu gura dute.
Iaz, lau egunetan zehar egin zuten pintxo lehiaketa, eguenetik domekara bitartean, eta, herrian izan zen mugimendua ikusita, Eskoriatzako Udalak berriro egitea erabaki du. Aurten, hiru egun iraungo du lehiaketak, eta, izen-ematea amaituta, gaur hasi eta domekara arte izango da.
Bigarren aldi honetan ere iazko taberna kopuru bera ibiliko da lehian, nahiz eta ezberdinak izango diren horiek. Hain zuzen, taberna hauek parte hartuko dute: Compostelak, Mirentxuk, Toki Alaik eta Urrestillak.
Hiru egunez, pintxo bereziak
Egubakoitzetik domekara bitartean, Itsas lur, Txikimiren, Hego haizea eta Udazkeneko larrosa izeneko pintxoak probatzeko aukera izango da. Pintxo bakoitzak 1,80 euro balioko du eta azaroaren 10etik 12ra arte eskuragarri egongo dira –biak barne– ondorengo ordutegian: 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:30era.
Sari banaketa, plazan
Domekan, azaroaren 12an, berriz, 12:00etatik aurrera, Fernando Eskoriatza plazan egongo dira lehiaketan parte hartuko duten tabernetako ordezkariak, pintxoak eskaintzen. 13:30ean, epaimahaiko kideek pintxoak probatuko dituzte eta sari banaketa egingo dute.
Pintxo irabazlea aukeratzeko, ezaugarri hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak: aurkezpena, zaporea, originaltasuna eta erabilitako produktuak Eskoriatzan erositakoak izatea – derrigorrezkoa izango da herrian ekoiztutako produktu bat, gutxienez, erabiltzea–.
Herritarrek botatzeko aukera
Epaimahaiak hartuko duen erabakiaz gain, herritarrek ere pintxo gustukoena botatzeko aukera izango dute. Herritarrek botatzeko, lehiaketan parte hartuko duten tabernetan egongo den eskuorria erabili beharko dute. Probatutako pintxo bakoitzeko zigilu bat jarriko du tabernak eskuorrian, dagokion lekuan. Gutxienez hiru zigilu izandakoan, pintxo onena aukeratzeko atala bete eta parte hartzen duten tabernetan egongo diren kaxetan utzi beharko da.
Botoa ematen dutenen artean, 50 euroko bi sari zozketatuko dituzte: bat, parte hartu duten tabernetan gastatzeko; eta bestea, Eskoriatzako edozein dendatan gastatzeko. Pintxo lehiaketako taberna irabazleak, aldiz, 300 euroko saria eta trofeoa jasoko ditu.