Zaldibar antzokian azaroaren 16an izango da dokumentaletako bat, Sitio distinto izenekoa, eta topikoak baztertzeko egindako lana dela adierazi du Davide Cabaleiro dokumentalistak.
Zer kontatzen du Sitio distinto dokumentalak?
Alde batetik, Galiziatik Euskal Herrirako migrazioa kontatzen du. 120 urtetako historia. Zelanbait kokatzeko, zergatik, nola eta nora etorri ziren galiziarrak. Behin kokatuta, sustraiak bilatzen hasten da, belaunaldi ezberdinetakoen testigantzak… jasoz eta bi herrien arteko loturak uztartuz; batez ere, lotura kulturalak.
Zein helbururekin egin duzu lan hau?
Argi eta garbi, bi aldeetatik datozen topikoak apurtzeko. Ni, duela zazpi urte etorri nintzen Euskal Herrira Galiziatik, eta topiko asko entzuten nituen… Gainera, bi herriak elkartzeko beharra ikusi nuen.
Euskal Herrira etorritako galiziarrak identifikatuta sentitu dira?
Euskal Autonomia Erkidegoan 50.000 galiziar inguru biziko dira, eta, oraingoz, ikusi dutenen harrera ona jaso dugu. Eskoriatzakoa laugarren emanaldia izango da –azaroaren 16an– eta bi egun lehenago Zinebiko emanaldia izango dugu, azaroaren 13an.
Borobiltzeko, azken mezurik?
Topikoaren mezuaz borobiltzen dudala uste dut dokumentala zertaz doan. Historia bat hobeto ezagutzeko, eta aurrean dugun lanbro hori baztertuz, egoera ondo ikusteko eta azpitik dauden zubiak erakusteko lana da.
Egitaraua:
Tailerrak
Azaroaren 8an eta 15ean, Ibarraundi museoan, 18:00etan.
Dokumentalak
'Sitio distinto' Azaroaren 16an, Zaldibar antzokian, 19:00etan.
'The Basque Hotel' Azaroaren 23an, Zaldibar antzokian, 19:00etan.
Hitzaldia
Abenduaren 14an, Gizarte politika Gipuzkoan. Hizlaria: Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua.