Banden Lehia Azkue Fundazioak sortutako lehiaketa da, eta euskal musika sustatu eta talde berriei hauspoa emateko helburua du. Aurten, bederatzigarren edizioa da, eta, guztira, hamar talde ari dira lehian; horietako bat Eskoriatzako Jasan taldea da, hain zuzen ere.
2015eko abuztuan Eskoriatzan sorturiko rock-metal taldea da Jasan. Taldearen sortzaileak Ixak Sarasua, Garikoitz Barandiaran eta Asier Mongelos izan ziren, eta 2016ko urrian Jokin Uribetxebarria baxu-jolea gehitu zitzaion taldeari. Lehenengo kontzertua 2015eko abenduaren 30ean eman zuten Oñatiko gaztelekuan; ordutik, beste hainbat kontzertu eman dituzte tabernetan, txosnetan, eta abarretan.
Lehen diskoa atera berri
2017ko uztailean lehen lana grabatu zuten, ... soloik solo... izeneko maketa. Bertan, beraien hiru kantaz gain, Itoiz taldearen Ezekielen prophezia kantaren bertsioa ere grabatu zuten. Honela azaldu du Gari Barandiaranek, taldeko bateria-joleak: "Lau abestirekin osatutako maketa atera berritan, Banden Lehiaketa erakusleiho ederra izan zitekeela pentsatu genuen. Gure musika zabaltzeko modu berri eta ezberdina da, eta gure asmoa finalera heltzea da. Hala ere, irabazten badugu, sari bikaina izango litzateke…".
Aretxabaletako musika eskolan grabatu zuten maketa, estudio batetik ekarritako materialarekin, eta, hasiberriak diren arren, Banden Lehiaketatik esperientzia bikaina aterako duten esperantzarekin daude.
Maila handiko taldeak
Barandiaranek zera dio: "Aurretik esperientzia handirik ez dugun taldea gara, eta lehiaketa honetan dauden beste taldeak gu baino nagusiagoak dira, ibilbide luzeagokoak. Hala ere, jendeari webgunera sartzeko, gure musika entzuteko eta gustuko badute bozkatzeko eskatu nahi diogu…".
Bi fase dituen lehiaketa
Lehiaketak bi fase ditu: lehena, Internet bidez burutzen den sailkapena da. Taldeek izena ematen dute Bandenlehia.eus webgunean, eta atari horretan talde bakoitzak bere musika argitaratuko du. Ondoren, taldearen jarraitzaileek eta publikoak Internet bidez bozkatuko ahal izango dute, eta boto gehien lortzen duen taldea finalerako sailkatuko da automatikoki.
Epaimahaiak beste hiru talde aukeratuko ditu eta lau talde finalistak zuzeneko ekitaldian arituko dira finalaren egunean. Bigarren fasean, zuzeneko finala izango da, bederatzigarren edizio honetan, Bilborocken izango dena, azaroaren 24an. Hala, bertan, emanaldi hori ikusten, publikoa eta epaimahaikideak izango dira, eta irabazleak hainbat sari jasoko ditu.
Sari itzelak
2017ko Banden Lehiako irabazleak sari hauek guztiak jasoko ditu: Baga-Biga diskoetxearekin disko bat ekoiztea, 2018ko Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera izango du, zuzeneko emanaldian, 2018ko Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdian joko du, eta Banden Lehiaketako 2017eko edizioko disko bilduma oroigarria jasoko du; Azkue Fundazioak lau finalisten kanten disko bilduma oroigarria ekoiztuko du. Antolatzaileek ekoiztuko duten lehiaketako bildumako diskoaren hamar ale jasoko ditu taldekide bakoitzak.
Beste hiru talde finalistek, berriz, Azkue Fundazioak Banden Lehiaketarako talde finalisten kanten bildumaren disko oroigarriaren hamar ale jasoko dituzte, eta banda bakoitzeko kide bakoitzak disko oroigarri horren hamar ale jasoko ditu.