Harri-jasotzaile leitzarrak harriaren inguruan izan duen hartu-emana modu berezian azalduko du, zerbait sakonagoa eta zabalagoa eskainiz bertaratzen direnei. Ordubete inguru irauten duen emankizun poetiko horretan, bakarrizketaren bidez, Iñaki Perurenak harriari buruzko bere pentsamendu, gogoeta eta sentimenduak helaraziko dizkie entzuleei, bertsoz eta jasoaldiz hornitutako saioan.
Hain zuzen ere, harriarekin zer-nolako harremana izan duen azalduko du Perurenak: harriak zer eman dion, nola bizi duen harriarekiko harremana, eta abar. Poesiatik asko duen gogoeta egingo du, harria metafora bihurtuta.
Etapa berri batean
Bere bizitzako etapa berri batean dagoela adierazi du Iñaki Perurenak, betiere, harriaren inguruan jarraituta: " Denon bizitzetan etapak izaten dira, eta nirean ere bai. 41 urtez harriarekin nolabait aritu naiz lehiatzen, erakustaldiak egiten… Etapa hura pasatu zen, eta oraingo beste etapa baten, nik nire harriarekin jarraitu nahi dut, eta buruari buelta asko eman ondoren lantxo bat prestatu dut, eta uste dut hau dela orain harriaren inguruan jarraitzeko modu bat. Harri mordoxka bat eramaten ditut eta harri horiekin hausnarketak eta burutazioak eta azalpenak ematen saiatzen naiz"