'Hozkailua', formatu txikiko lana, oholtzara

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urr. 19a, 11:00
Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktoreak oholtzan, 'Hozkailua' antzezlanean. ARTEDRAMA

Arte eszenikoen Artedrama plataformak ekoiztuta eta Huts Teatroak aurkeztuta, adiskidetasunaren gaineko obra teatrala ikusteko aukera izango da domeka honetan, 19:00etan, Zaldibarren. Sarrerak lau eurotan izango dira salgai.

Ander Lipusek eta Patricia Urrutiak antzeztutako Hozkailua obra ikusteko aukera izango da domekan, Zaldibar antzokian. Unai Iturriagak idatzi du testua, eta, Manex Fuchs-ek zuzendua, umore beltzez betetako lana taularatuko dute.

Maite, Carlos eta Jimmy punkak izan ziren, eta Londresera joan ziren bizi izatera. Carlos Euskal Herrira bueltatu zen, eta, 22 urtera, Jimmyren heriotzak batu egingo ditu. Hozkailu batean ekarriko du Maitek Jimmyren gorpua Euskal Herrira, eta non ehortzi asmatzen saiatu beharko du Carlosekin batera. Izan ere, ez dakite Jimmy nongoa zen, eta haren herria bilatzen arituko dira.

Lagun arteko erlazioa oinarri

Hozkailua obrako Ander Lipus aktoreak hauxe adierazi du: "Aspaldiko lagunak dira Maite eta Carlos, eta beraien arteko road movie bezalako zerbait da. Ibiltzen doan pelikula bat balitz bezala da.

Leku bat bilatzen ari dira, eta bidean zehar gertatzen den pelikula bat bezala da". Egoera teatralean, absurdoa, umore beltzeko ukituekin, eta tragedia baten barruan kontatutako antzezlana da, kontatzeko modu ironikoa izanik, istorio mamitsuak helarazita.

Ikusleak identifikatuta

Musikak protagonismoa hartzen du obran; izan ere, 80ko hamarkadara salto egingo dute. Gogoko zituzten Rip, Eskorbuto, Hertzainak, The Clash eta halako taldeen kantak abestuko dituzte.

Hala ere, gaur egun duten egoeraz mintzatuko dira, atzera begiratu barik, eta, belaunaldi hartako ikusleak identifikatuta sentitu arren, gazte eta helduagoak direnei zuzendutako obra ere bada. "Ez dugu belaunaldi batez soilik hitz egiten, erreferentzia batzuk ematen ditugu, baina adiskidetasunaz, kolega izate horretaz mintzatuko gara. Aitatasunaz, hipotekaz… Bi lagun minek izan ditzaketen egoera txar eta onekin…".

Formatu txikian, harrera ona

2017an, Pazko astean, Artedramak Aulestin antolatutako topaketetan estreinatu zuten Hozkailua lana, eta harrera ona izan du ordutik hona. Ander Lipus aktoreak hauxe dio: "Eskoriatzako Zaldibar antzokira goazen lehenengo aldia da. Gainera, formatu txikiko lana da, baina ekipo zabalak antolatuta. Beste emanaldi batzuekin iristen ez garen plaza horietara iristeko prestatutako lana da. Hala, jendea animatu nahi dugu antzezlana ikustera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak