Udazkenari ongietorria egiteko, Ezkurtxo eguna ospatuko da zapatuan Bolibar auzoan. Duela hogei urte hasitako egitasmoak bi urtez hutsunea izan du, eta aurten, 19. edizioan, Bolibar auzoa ezagutzeko aukera izango dute herriko neska-mutikoek. Hala, hainbat ekintza eta jolas izango dituzte han, eta, urtero moduan, Ezkurtxo ere izango dute lagun.
Eskoriatzako zazpi elizateak ezagutzeko ekimena izateaz batera, euskara eta irakurzaletasuna sustatzeko, familia eta lagun artean egun ona pasatzeko eta antzinako jolasak ezagutzeko helburuarekin antolatutako jaia da. Hala, zapatuan, arratsaldeko hiru eta erdietan, autobusa izango da Bolibarrera igotzeko, Arizmendiko Jose Arana ikastola aurrean, eta autoz ez joateko dei egin dute antolatzaileek, Bolibar auzoan aparkatzeko arazoak egon daitezkeelako.
Maskarak, abestia eta jolasak
Ezkurtxo egunerako maskarak egin ohi dituzte Jose Arana guneko haurrek, eta aurten ere ez dira faltako. Bestalde, Ezkurtxo abestia ere ikasten izan dira egunotan, eta zapatuan kantatzen arituko dira bertaratzen diren txikienak. Hala, hainbat haurrek ikastolatik eramango dituzte maskarak, eta abestia ikasita, baina egunean bertan abestia ikasi eta maskarak egiteko aukera izango du nahi duenak.
Honela dio abestiak: Ezkur bat, ezkur bi; Udazkena etorri; Ezkur bat, ezkur bi; Saltoka zu ta ni; Aurtengo neguan; Edurra ugari; Ezkur bat, ezkur bi; Zuhaitzetik erori.
Antzinako jolasak
Zapatuan, Bolibar auzoan egingo dituzten ekintzen barruan, antzinako jolasak eskainiko dituzte: goitibeherak, tiragomak, boloak –ekintza horrekin, Bolibar auzoan dagoen bolatokia berreskuratu nahi izan dute antolatzaileek–, haurrek marraztutako txapak egitea eta piramidearen jolasa.
Kontu zaharrak eta ipuina
Jolas horiez gain, Bolibarko auzotar baten eskutik aspaldiko kontu zaharrak entzuteko aukera izango dute gaztetxoek, eta ikastolako guraso baten eskutik ipuin kontaketa egongo da, urtero egin ohi duten moduan. Egunari amaiera emateko, berriz, bertaratzen diren guztientzako, momentuan egindako txokolate-jana izango da, bizkotxoarekin.
Arratsaldea Bolibar elizatean pasatu ostean, herrira bueltatzeko autobusa 19:15 inguruan izango da.