Garaipen garrantzitsua izan zen atzo Eskoriatzako neskek lortutakoa, hainbat faktoregatik: lehen partidua alde handiarekin galdu ostean konfiantza hartzeko, hamabi jokalaritik sei juniorrak zirelako eta liga berrian etxean irabaztea beharrezkoa dutelako.
Partidua "oso orekatuta" joan zen lau laurdenetan zehar, Joserra Garai entrenatzaileak azaldu duenez: "Alde txikiko partidua izan zen. Bigarren laurdenean, kanpotarrek 12 puntuko aldea lortu zuten, baina azken bi laurdenetan egindako lan finari esker aurretik jartzea lortu genuen".
Garairen ustez, erasoan gehiago asmatzea izan zen partidua irabazteko gakoa. "Defentsan oso lan ona egin genuen partidu osoan zehar, baina erasoan jaurtiketak egiteko posizio egokiak bilatzeko zailtasunak izan genituen, gehienbat lehen bi laurdenetan. Azken bietan, aldiz, min gehiago egin diegu erasoan, eta horri esker lortu dugu garaipena etxean geratzea".
Talde erdia juniorrak
Aipagarria da atzokoan jokalarien erdiak juniorrak izan zirela. "Horrek are meritu handiagoa ematen dio garaipenari. Faktore ezberdinak tarteko, sei senior bakarrik ditugu, beraz, juniorrekin jokatzera behartuta gaude. Baina harrobia sendotzeko aukera polita da, eta atzo maila aparta erakutsi zuten. 15 urteko gazteak 26koen edo 27koen aurka lehiatzen ikustea pozgarria da" adierazi du Garaik.