Fernando Raso: "Beste lan kultura bat ezarri nahi dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urr. 11a, 13:06
Fernando Raso.

Emakumezkoen saskibaloiak indar handia du gaur egun Eskoriatza Kirol Elkartean. Izan ere, eskola-kiroletik hasi eta seniorretaraino dituzte taldeak, eta, gainera, kirol elkarteak hogei urtetik gora darama bailarako emakumezkoen saskibaloiaren gorenean, batez ere, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako neskekin lanean.

Gaur egun, bailarako erreferente bada ere, probintzia mailan ere badu bere atxikimendua. Hala, denboraldira berrira begira, talde guztiak indarberritu nahi dituzte, eta, horretarako, Julen Fornies entrenatzailea fitxatu berri dute Gasteiztik. 

Fernando Raso, Eskoriatza Kirol elkarteko saskibaloi saileko zuzendariak azaldu du denboraldi berrirako helburua emakumezkoen saskibaloia indarberritzea dela.

Zein egoeratan dago gaur egun saskibaloi saila?

Saskibaloi sailean hamar talde ditugu gaur egun, saski-eskola eta federatuta dauden taldeen artean, 100 jokalaritik gora ditugu. Gainera, talde ezberdina gara; izan ere, emakumezkoen saskibaloia soilik lantzen dugu, eta halakoak Gipuzkoan oso gutxi daude. Iaz, denboraldi bikaina egin zuten maila guztie- tako taldeek, eta aurten, lanak hobetzeko asmoz, saskibaloi sailerako kirol zuzendari berria fitxatu dugu.

Gasteizko Julen Fornies, hain zuzen ere, ezta?

Ibilbide luzeko pertsona nahi genuen, esperientziaduna. Ez bakarrik jokalariekin lan egiteko, entrenatzaileak ere hazteko. Duela hiru urtetik gaude Araskirekin –Arabako Emakumeen Saskibaloia– elkartuta, eta eurek gomendatu ziguten Fornies ekartzea.

Zertarako ekarri duzue?

Beste lan kultura bat ezarri nahi dugu taldean. Euskarari ere garrantzi handiagoa emanez. Uste dugu aldaketarako denbora beharko dugula, baina erantzun hobea ematearen aldeko apustua egin nahi genuen. 

Aurtengo helburuak ezarri dituzue?

Taldeka ezarri ditugu. Oinarrian, txikitatik dibertitu beharra daukate, eta talde ezberdinek elkar ezagutzea ere nahi dugu. Talde ezberdinak batuz, euren artean sendotuz. 

Julen Fornies, kirol elkarteko parte 

Julen Fornies gasteiztarra eskoriatzako Kirol elkarteko parte izango da denboraldi honetan. araskitik datorren entrenatzailea elkarteko saskibaloi arloko kirol zuzendari berria izango da. Hala, eskola kiroletik hasi eta seniorretaraino dauden talde guztiak indartzeko etorri da. Horrez gain, kultura berri bat ezarri nahi dute eskoriatza kirol elkartea osatzen duten kideek, talde ezberdinen arteko elkarlana bultzatuz eta euskarari ere garrantzia handiagoa emanez.

Esperientzia handiko entrenatzailea da Fornies; esaterako, LeB Platako entrenatzailea izan da araberri taldearekin, Baskoniarekin ere lan egin du, Lehen nazional Mailako araskiko lehen entrenatzailea da eta araski emakumezkoen ligako entrenatzaile laguntzailea ere bada... 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak