Parte-hartzaile batzuek abiaduraren aldeko apustua egingo dute; beste batzuk, aldiz, drift eginaz bihurguneak hobeto hartzen saiatuko dira, baina, lehiatzeaz gain, ondo pasatzera joango dira partaide guztiak. Hala, modalitatetako ezberdinetako ibilgailuak ikusi ahal izango dira: errodamenduak dituen goitibehera bakarra, pneumatika modalitateko 28 goitibehera, gravities modalitateko 11, lomboard 2, patinak 3, eta drift-trike modalitateko 46 goitibehera.
Herritarrak
Iaz, Eskoriatzako azkarrena Gorka Urrutia eta Gorka Jurado bikotea izan zen, 1.33.770 eginda. Aurten, aldiz, ez da bikote bera izango herriko proban; izan ere, Urrutiak Antton Salaberriarekin egingo du proba, eta Juradok ez du parte hartuko. Hala ere, herriko beste hainbat parte-hartzaile ere izango dira. Batzuk, urtero parte hartzen dutenak, eta beste batzuk, lehenengoz egingo dutenak. Esaterako: Ioritz Aranguren eta Aritz Zubia, Lander Mediavilla eta Ekaitz Oñate, Mentxu Castelo eta Yolanda Vita, Miguel Angel Arevalo eta Asun Zubia bikoteak, eta Open Norte txapelketarako lehiatzera joango den bakarra, Edgar Arevalo.
Eskoriatza eta bailarako parte-hartzaileez gain, iaz bezala, Kantabriako, Gaztela eta Leongo eta Asturiasko partaideak ere izango dira aurtengo proban.
Umoretsuenari saria
Maldan behera jaisteko ekimen horrekin hasi zirenetik, urteroko sariak banatu izan dituzte, eta, horiekin batera, goitibehera umoretsu eta dibertigarrienari ere eman izan diote sari berezia. Aurreko edizioetan, antolakuntza taldekoek goitibehera bitxiarekin eta mozorrotuta ere jaitsi izan dute Apotzaga; aurten ere izango da zer ikusi egunerako prestatu dutenarekin. Bestalde, lasterketa egunean, 14:00etatik 20:00etara itxita egongo da Apotzagako errepidea.