Aresko, Eskoriatza Kirol Elkarteko saskibaloi eskola da, eta Aretxabaleta eta Eskoriatzako taldeek osatzen dute. Hala, martitzenean, babesletza kontratuaren berriztatzea egin zuen Mondragon Linguarekin, Manuel Muñoz kiroldegian, eta Javier Corbal, Kirol Elkarteko presidenteak azaldu moduan: "Hitzarmen honek, laguntza handia suposatzen du saskibaloi eskolarentzat".
Eskerrik beroenak
Areskoren babesle bakarra izan da Mondragon Lingua 2011-2012 denboraldietatik, eta Fernando Raso Eskoriatzako saskibaloi arloko presidenteak adierazi du: "Mondragon Linguari eskerrak eman beharrean gaude, guregan izan duen konfiantza eta sostengua izugarria izan delako, eta emakumezkoen kirolari merezi duen garrantzia eman diolako, izan ere, bigarren maila batean egoten den kirola baita emakumeena. Gaineratu behar da, Mondragon Linguak egiten duen lan soziala, eta laguntza ekonomikoa, izan ere, gaur egun, ekonomikoki laguntzak bilatzea ez da erreza…".
Bailaran erreferente
Eskoriatza Kirol Elkarteak 20 urtetik gora darama bailarako emakumezkoen saskibaloiaren gorenean, batez ere Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako neskekin lanean, eta gaur egun, bailarako erreferente bada ere, probintzia mailan ere bere atxikimendua du.
Kirol zuzendari berria
Julen Fornes izango da kirol zuzendari berria, eta Aresko saskibaloi eskolaren filosofia halakoa izan behar dela azaldu du: "Dibertituz ikasi behar dute, beste hainbat aspektu ere kontutan izanik. Errespetua, umiltasuna, solidaritatea, talde-lana, irabazten eta galtzen jakitea, lehiakortasuna, diziplina… Hala, neskei gurekin saskibaloia probatzera animatu nahi diegu…".
Aurtengo ordutegia
Eskoriatzan, martitzenetan, 17:30ean, eta egubakoitzetan, 16:30ean.
Aretxabaletan, eguaztenetan, 17:45etan, eta egubakoitzetan 16:30ean.