Iazko ordutegi bera izango du aurten ere: egubakoitzetan 17:00etatik 20:30era eta zapatuetan eta domeketan 16:30etik 20:30era bitartean. Aurten, gainera, erronka berriak dituzte bertako hezitzaileek. Honela azaldu du Iratxe Arresek, Eskoriatzako gaztelekuko hezitzaileak: "Gazteendako zabalik ditugu ateak, eta lasai etortzeko dei egin nahi diegu, ez baitago izenik eman beharrik. Bertan, mahai-futbola, ping-ponga, Wii-a, sukaldea, pelikulak ikusteko, musika entzuteko eta lasai egoteko txokoak eta euskarazko mahai joko ugari ditugu. Horrez gain, ekintzak egiten ditugu, tailerrak, irteerak, eta abar. Aurten, orain arte funtzionatu duten ekintza batzuk errepikatu egingo ditugu, eta berriak ere txertatuko ditugu gure plangintzan".
Iraila eta urria prest
Hilabete honetarako eta hurrengorako, sukaldaritza, fimo eta talo tailerrak prestatu dituzte, eta Hi selfie! lehiaketa egingo dute, iaz bezala. Edozelan ere, gazteekin batera antolatuko dituzte ekintza guztiak, betiko moduan.
Urrian ekintza berezi bat egin nahi dute, gainera. Iaz, paintball-a egitera joan ziren, eta aurten ere irteera bat egitea pentsatu dute. "Urriko irteera Aretxabaletakoekin batera egingo dugu, baina ikusi egin beharko dugu gazteek zein proposamen egiten duten. Talo tailerra, berriz, San Migel jaietan Aretxabaletan egingo da…".
Gaba Beltza, berezia
Irailaren 30ean ospatuko dute Gaba Beltza, gaztelekuan, baina aurten berezia egin nahi dute. "Udalarekin eta Tortolis ludotekarekin batera antolatu dugu aurten. Gazteekin su jokoekin elkartuko gara, baina, gazteendako ez ezik, herri guztiarendako zabalduko dugun ekintza izango da".