Musikaz beteta dator Garagardo Azoka

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ira. 21a, 15:10

Gaur irekiko dituzte Jose Arana zaharren egoitzari diruz laguntzeko Garagardo Azoka solidarioko ateak. Urteroko egitarauari jarraituz, hainbat garagardo mota, jaki alemaniarrak, oilaskoak, ukondoak, patata-tortillak, eta abar izango dira, eta herriko elkarte eta norbanakoak arduratuko dira bertaratzen direnei zerbitzatzeaz. Aurten, gainera, giroa handitze aldera, egitarau zabalagoa prestatu dute; batez ere, musikak hartuko du protagonismoa.

Gaur, 19:00etan, Oñatiko Irazan Antzerki Gunekoek inprobisazioan oinarritutako Supituki antzerki emanaldia izango da. Umorea oinarri izanda, alaitasunez, irekiera bikaina emateko asmoz.

Bihar eta etzi, berriz, musika izango da nagusi Fernando Eskoriatza plazan jarri duten karpan. Honela azaldu du Dorleta Sologaiztoak, Jose Arana zaharren egoitzako zuzendariak: "Egubakoitz eta zapatuan kontzertuak izango ditugu. Ilunkeran bat eta afalostean beste bat, bertaratzen direnei lasai afaltzeko tartea utziz". Bihar, 17:00 aldera, urtero moduan, egoiliarrak gerturatuko dira plazara karpako giroan murgiltzeko asmoz. Hala, 18:00etan, Arantxa eta Pantxoren habanerak, boleroak eta Mexikoko kantak entzuteko aukera izango da. 22:30ean, berriz, Imanolek eta Unaik trikiti doinuak jarriko dituzte dantzarako gogoa pizteko asmoz, eta zapatuan, Blue Mood taldea izango da lehenengo, 19:30ean, eta 23:00etan, Txerrikumeak eta Jasan taldeen txanda izango da.

Bigarren faseko lanekin "pozik"

Zaharren egoitzako lanak duela gutxi amaitu zituzten, eta Sologaiztoak azaldu du "oso pozik" daudela bertan egin diren aldaketekin, batetik, egoiliarrak, eta bestetik, bertako langileak. "Beheko solairua berritu egin dugu; aldagelak, botikina eta atseden gela egin ditugu". Lanak ikusteko, gainera, ate irekiak antolatu dituzte gaurko. "Beti dago aukera zaharren egoitza bisitatzeko, baina, ate irekiak jarriz, herritarrak lanak ikustera animatuko direlakoan gaude".

Hirugarren faseko lanak hastear

Hirugarren faseko lanak hastear daude, eta, obra horretan, lehenengo solairua konponduko dute. Hain zuzen ere, gelak berritu egingo dituzte, komunak jarri, lurra aldatu –zaharkituta dago–, eta bertan dagoen egongela bat atondu.

Lanak amaitzen dituztenean, balorazioa egingo dute, Garagardo Azoka herrian errotu den egitasmoa bada ere, berriz antolatuko ote duten erabakitzeko.  "Etorkizunean ez dakigu azoka antolatzen jarraituko dugun. Baloratu egin beharko dugu…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak