Eskoriatzako Goitibehera Zaleak taldeko kideak Apotzagako jaitsiera egunerako motorrak berotzen joateko tailerra egingo dute aurrena… Hala adierazi du Jose Angel Urrutia, taldeko kideak:
Aurten, Apotzagako V. goitibehera jaitsiera; dena prest?
Bai, dena prest dugu lasterketa egunerako. Kartelak aste bukaera honetan aterako ditugu herritarrak ohartarazteko. Honekin batera, gonbidapena egin nahi dut jendea bertara parte hartzera etorri dadin, eta, bestetik, jaitsiera ikustera hurbildu daitezen, ikuskizun bikaina izaten baita.
Badago berrikuntzarik?
Lasterketa urterokoa izango da, Apotzagatik herrigunerako 1,5 kilometroko bidea, baina federazioan badaude aldaketak. Izan ere, talde berri bat dago, ni ere federazioaren parte naiz, eta gauzak serioago egiten ari garela uste dut. Guk egiaztatzen ditugu goitibeherak, dauden arauen arabera…
Herrian errotuta dago goitibeherekiko zaletasuna, ezta?
Bost urtean arrakasta izan duen lasterketa da, eta urtero hartzen dute parte bertako zein kanpoko pilotuek. Iaz bezala, Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioko Open Norte txapelketarako puntuagarria da eta lehiatzen eskoriatzar bakarra izango da aurten: Edgar Arevalo. Edozelan ere, eskoriatzar asko izango direlakoan nago, txapelketara begira lehiatuko ez direnak, baina, beste urte batzuetan moduan, lasterketa honetara, bereziki, parte hartzera etorriko direnak. Hala, nahi duenak aukera du dagoeneko izena emateko Fotomotor webgunearen bidez, baina 14 urtetik beherakoek gurasoen baimena beharko dute.
Mugikortasun Astearen barruan, bi ekintza goitibeherekin lotuta; tailerra eta lasterketa. Zertarako da tailerra?
Goitibehera tailerra irailaren 23an izango da, Txistularien Arratean. Eskoitzako Goitibehera Zaleak taldekoak han izango gara, goitibeherak soldatzeko beharra duten gaztetxoei laguntzeko asmoz, besteak beste.