Mugikortasun Asterako egitarau zabala dator

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ira. 13a, 11:38

Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea izango da irailaren 16tik 22ra bitartean, eta, horren bueltan, egitarau zabala prestatu dute Eskoriatzan, domekan hasi eta irailaren amaiera arte. Egitarau ofizialaz gainera, ekintza ezberdinak egingo dituztela adierazi dute antolatzaileek; batez ere, ikastetxeetako gaztetxoei zuzenduta.

Domeka honetan, bizikleta martxarekin emango diote hasiera Mugikortasun Asteari, eta 10:00etan, Fernando Eskoriatza plazatik abiatuta, Urkulura joan-etorria egingo dute, tartean, Torrebason hamarretako janda. Irailaren 21ean, berriz, Seguru baietz autobusa egongo da plazan. Kanpaina ibiltari horren helburua da herritarrei bizikletan modu egokian ibiltzeko aholkuak ematea, eta, horretarako, seinalizazio-txalekoak eta beste material batzuk banatuko dira, 17:00etatik aurrera. Haur eta familientzako bide hezkuntzarako bideo jokoak, joko erraldoiak, parte-hartzaileentzako opariak, eta abar izango dira.

Kale animazioa, berrikuntza

Aurten, berrikuntza moduan, Huhezikoek antolatuta, Kotxea partekatzeak urrunago eramaten zaitu lelopean, kale animazioa egongo da, 19:30etik aurrera, Lur Korta aktore oiartzuarraren eskutik. "Huhezi eraikinetik gertuen dauden aparkalekuetako bat gorde egingo dute, autoa partekatu dutenek aparkatu dezaten. Kolore ezberdinez margotuko dute, eta, agian, kartelen bat ere jarriko diote… adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundiko teknikariak.

Badatoz goitibeherak

Bestalde, azken urteetan herrian errotu diren goitibeherei lotuta, bi hitzordu nagusi izango dira: lehena, irailaren 23an, goitibehera tailerra izango da, Txistularien Arratean, 15:00etan hasita, eta bigarrena, Apotzagako goitibehera jaitsiera; azken hori irailaren 30ean izango da, 15:00etan.

Egitaraua:

Irailak 17
• 10:00 Bizikleta martxa.

Irailak 21
• 17:00 Seguru baietz autobusa plazan.

Irailak 22
• 19:30 Kale animazioa plazan.

Irailak 23
• 15:00 Goitibehera tailerra, Txistularien Arratean.

Irailak 30
• 15:00 Apotzagako goitibehera jaitsiera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak