Garagardo Azoka, egoitzako obretarako

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ira. 8a, 17:00
Iaz, Garagardo Azokan, bolondresa garagardoa zerbitzatzen.

Hainbat urte dira Jose Arana Patronatuak Garagardo Azoka Solidarioa antolatzen duena; Udalak, herriko elkarteek, merkatariek eta norbanakoek bultzatuta. Jose Arana zaharren egoitza diruz laguntzeko hainbat garagardo mota, ukondoak, oilaskoak, saltxitxak… salduko dituzte aurten ere, eta eguenean, irailaren 21ean, irekiko dituzte karpako ateak, 19:00 aldera.

Tonbolarik ez da egongo aurten, baina egubakoitzean kontzertua izango da –lotu barik dago– eta zapatuan, berriz, Blue Mood taldea izango da; biak, 19:30ean.

Iaz diru gutxi atera bazen ere, aurten ere egitasmoa antolatzea erabaki dute. Honela azaldu du Dorleta Sologaiztoak, Jose Arana zaharren egoitzako zuzendariak: "Nahiz eta aurreko urtean ez zen ia irabazirik izan, egindako balorazioan ikusi da herrian egoitzagatik sortzen den giroak eta elkarlanak merezi duela azken saiakera bat egitea… Galerak izan ditzaketen gaiak landu ostean, berriz ere diru kantitate dezente bat ateratzea posible dela uste dugu".

Dirua, egoitzako lanetarako

Azokan batutako dirua Jose Arana zaharren egoitzan egin beharreko lanak ordaintzeko bideratuko da. "Diputazioak erreforma batzuk egitea exijitzen zion egoitzari, egoera txarrean zegoelako, eta lan horiei ekonomikoki aurre egiteko hasi ginen azokarekin", adierazi du Sologaiztoak. Egin beharreko lanak hiru fasetan banatu zituzten: lehenengo fasekoak derrigorrezkoak ziren, eta, horiek egin ostean, bigarrenekoak egin ziren –amaitu berri daude–; hirugarren fasekoekin ere laster hasiko dira.

Bigaren fasean, behe-solairua guztiz aldatu dute; egongela handi bat egin dute, lorategira irteera duena, jantokia handitu, aldagelak, egoiliarrentzat bi komun, geriatriko eta familiarrentzat beste komun bat, deskantsu gela, botikina... Horrekin batera, leihoak aldatu dituzte, barruko patioa txukundu eta toldo berriak jarri dituzte.

Bigarren fase horretarako, 180.000 euro inguruko aurrekontua behar izan dute eta hirugarren fasea egiteko, berriz, 60.000 euro inguru behar izango dituzte. Azken horretan, hain zuzen, lehenengo  solairua behar bezala jarriko da, logelak eta espazioak zabalduz.

Zaharren egoitzan ate irekiak

Garagardo Azokako eguen eta egubakoitzean, hau da, irailaren 21ean eta 22an, ate irekiak egingo dituzte, herritarrek obrak bisitatzeko aukera izan dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak