Partekatzeko moduko bidaiak

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ira. 8a, 13:28
Ostegun Bidaiariak 2017 Eskoriatzako kartela.

Udako oporraldia pasata, datorren urteko bidaia pentsatzen hasiak dira herritar asko. Bidaia   lehenbailehen prestatu nahi duten asko daude, eta nora joan ez dakienarentzat aukera aproposa da Ostegun Bidaiariak hitzaldietara gerturatzea.

Aurten, Eskoriatzan egiten den Ostegun Bidaiariak laugarren edizioa izango da, eta urtero moduan hiru bidaia ezberdinen kontakizuna egingo dute hainbat herritarrek lehenengo pertsonan.

Gertuko aurkezpenak

Protagonistek bisitatu dituzten herrialdeak eta hango bizipenak kontatuko dituzte, eta bakoitzak bere bidaia nahi duen modura kontatuko du. Nola antolatu duen bidaia, zer egin duen, edo zer egin nahi izan duen, ikusi beharrekoak adieraziz, zer ez den ikusi beharrekoa…, era subjektiboan kontatuta. Amaitzeko, berriz, galderen tartea izango da. Hala adierazi du Mari Karmen Arrieta Eskoriatzako Kultura Teknikariak: "Bakoitzak ikusiko du aurkezpena nola egin nahi duen, baina orain arte, argazkietan eta beraien kontakizun pertsonalean oinarritu dira, eta edizio honetan ere hala egingo dutela uste dut."

Era ezberdineko bidaiak

Irailaren 14ean izango da lehenengo bidaiaren kontakizuna. Txile, iparraldetik hegoaldera izenburupean, 21:30ean, Zaldibar antzokian, Iker Zugasti eskoriatzarrak kontatuko duena. Lau urtez bizi izan da Txilen, eta 2014-2017 urteetan egindako bidaiak herrialdearen handitasunaz gozatzeko aukera eman dio. 4.500 kilometro ditu puntatik puntara Txilek, eta horrek, kultura, paisaia eta klima aldetik kontraste handiko herrialde bilakatzen du: lakuak, desertua, geyserrak, glaziarrak, sumendiak eta hondartza ederrez gozatzeko aukera izan du.

Bigarrena, irailak 20, eguaztena

Egitasmoa Ostegun Bidaiariak izan arren, azpimarratu behar da bigarren bidaiaren kontakizuna, irailaren 20ean, eguaztenean izango dela, Iratxe Arrese eta Jon Kortazarrek egingo dutena. Furgonetan egindako bidaia kontatuko dute eta Eskoriatzatik abiatuta; Dolomitak–Eslovenia–Bosnia eta Kroaziara arteko 1.800 kilometroko biden ikusitakoak kontatzeko aprobetxatuko dute. "Aurreikusten ez genuen ekintza bat suertatu da, eta irailak 21eko kontakizuna, aurreratu eta eguaztenean, irailaren 20an izango da, ordu eta leku berean", adierazi du Mari Karmen Arrietak".

Amaitzeko, Nepalera bidaia

Azken hizlaria, aldiz, Oihana Irazu izango da, eta Nepalera egin zuen bidaian ikusi eta gertatutakoen berri emango die gerturatzen direnei. Annapurnako kanpaleku nagusiraino motxilarekin, eta gidaririk gabe egin zuen ibilbidearen nondik-norakoak azalduko ditu, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak