Bigarren urtez, Eskoriatza Kirol Elkarteak Eskoriatzako kamisetarekin munduan zehar egitasmoa jarri du martxan. Egitasmo honen helburua Eskoriatza Kirol Elkartea ezagutzera ematea da, eta, horretarako, munduko hainbat lekutan elkarteko kamisetarekin argazkia atera eta bidaltzea izan da egitasmoaren funtsa.
40 argazki inguru bidali dituzte parte-hartzaileek, eta antolatzaileak elkartearen Facebook sare sozialean ari dira jartzen argazki guztiak.
Leku askotatik bidalitakoak
Iaz izandako arrakastaren ostean, aurten ere berriz egitea erabaki dute elkarteko kideek, eta edonork izan du aukera kirol elkarteko kamisetarekin argazkia bidaltzeko. Leku askotatik bidali dituzte argazkiak parte-hartzaileek: Eivissatik, Mexikotik, Gironatik, Miamitik eta Hondurastik, besteak beste.
Irailaren erdialdera, kirol elkarteko talde guztien aurkezpena egingo da, eta elkarteko kide izateko bultzatzeko ere erabili da egitasmo hau.