Jairo Zavala 'Depedro' (musikaria): "Kultura aniztasunean dago aberastasuna"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko uzt. 21a, 13:35
Jairo Zavala deperdo musikakria Eskoriatzan izango da gaur. (David Ruano)

Eskoriatzako Atxorrotx Kultur Elkarteak Udalarekin elkarlanean antolatutako Errekan Gora jaialdiaren barruan, kontzertua eskainiko du gaur 22:30ean Huhezi fakultatean.

Ibilbide luzea du  musikagintzan Jairo Zavala madrildarrak. Gaur egun, bi egitasmo ditu paraleloan: AEBetako Calexico taldeko gitarra-jolea da, batetik, eta 2008an sortu zuen Depedro proiektu pertsonalagoa dena du, bestetik. Huhezi fakultatean izango da gaur, egubakoitza. Sarrerak bost eurotan eskura daitezke.

Zergatik jaio zen Depedro?

Musikari moduan beti duzu jakin-mina eta kantuak sortzen zoaz. Une hartan nenbilen taldeetan ez zuten kantu horiek tokirik, beste estilo batekoak zirelako. Halako baten, Calexicoko nire lagunek Tucsonera (Arizona) gonbidatu ninduten kantuak eurekin grabatzera; eta halaxe sortu zen, bestelako asmo barik. Ez nuen uste horren handia egingo zenik.

Zein unetan dago Depedro orain?   

Oso gozoan, disko berria –El Pasajero– kaleratuta orain dela gutxi, eta uztailaren 7an haren osagarri den EPa atera dut sei kanturekin. Gozatzeko eta eskertzeko unea bizi dugu.

Zelakoa da zure zuzeneko bat?

Bost gara oholtzaren gainean. Eskoriatzan, Andres Litwin, baterian, Julian Kanevscky gitarrarekin, Hector Rojo kontrabaxuarekin eta Dani Niño baritonoarekin eta teklekin izango ditut lagun. Ez dira beti musikari berdinak izaten, agenda kontuak konplikatuak izaten dira; hala ere, oso gustuko dut jende ezberdinarekin jotzea, kantuek bestelako gorputz bat hartzen dute. Egunaren eta orduaren arabera aldatu egiten dugu errepertorioa; ni naiz formatu bat errepikatzen aspertzen lehenengoa. Kantu berriez gainera, aurreko lanetakoak ere eskainiko ditugu gaur. Esan didatenez, oso berezia da tokia, eta gogotsu gaude.

Calexicorekin, hortaz, grabatu bai, baina zuzenean ez duzu jotzen?

Erosoa da niretako eurekin grabatzea, bidaia lagunak dira eta musika lengoaia bera dugu, baina Arizonan bizi dira; hala ere, hemen biran badaude eta kontzerturen bat parean tokatuz gero, gustura etortzen dira.

Zer da, zuretako, Calexico?

2004an lehenengo aldiz Londresen ezagutu nituen eta euren musikarekin maitemindu nintzen. 2008an amua bota nien nire kantuak grabatzeko proposatuz, eta handik segidan euren diskoan parte hartzeko esan zidaten. Niretako, bereziki ikasketa handia da Calexico taldearekin jardutea; musikalki eta, bereziki, pertsona moduan.

Bi egitasmo paraleloan; nola uztartzen dituzu biak?

Aurten, samurrago, Calexico geldi dagoelako; baina, bestela, zoratzekoa izaten da, bai.

Zeri kantatzen dio Depedrok?

Gertu daukadanari, bereziki. Inspirazioa bidaia eta bizipenetatik dator, baina plano motzak gustatzen zaizkit niri: familiakoei, lagunei gertatzen zaizkienak. Gertuko istorioak dira, nire ustez, garrantzitsuenak eta, azkenean, unibertsalenak izaten direnak ere bai.

Musikalki, mugaz gaindikoa, hau da, kultura eta estetika eragin ezberdinak dituena; zelan deskribatuko zenuke zuk?

Mundua oso handia da eta ikuspegi ezberdineko jende asko dago. Pertsonalki, asko interesatzen zait hori, betidanik esan dut-eta aniztasunean dagoela aberastasuna. Saiatzen naiz etengabe gauza berriak ikasten eta horiek nire sorkuntzan sartzen.

Zeintzuk dira zure eraginak?

Asko ditut; ez dut egunero musika estilo bera entzuten. Hala ere, eraginik handiena, orokorrean, rai musikatik datorkit; bihotza gehien ukitzen nauen musika da hori.

Beste musikari batzuekin kolaboratzea oso gustuko duzu. Zergatik?

Bakarrik jotzen aspertu egiten naiz. Bidean jende askorekin egin dut topo eta lagun asko egin ditut. Oso gustuko dut nire musika beste batzuen ahotan eta eskuetan jartzea eta entzutea. Oso osasungarri eta interesgarri deritzot.

Keu Agirretxearekin ere jardun duzu. Nola ezagutu zenuten elkar?

Gure telonero izan zen, behin, Gasteizen. Nire musika gustuko zuela esan zidan, eta elkarrekin zerbait egitea proposatu. Oso jatorra da.

Aurrera begira, ze asmo dituzu?

Oraingoz, lan berririk ez, atera ditugunak aurkezten ari gara orain. Bira luze baten murgilduta gaude: udan Estatuan ibiliko gara, gehienbat, baina dagoeneko lotuta ditugu Guatemalan, Chicagon eta Europan.

Hogei urteko eskarmentua musikagintzan

1997rako oholtzaren gainean zebilen; Amparanoia taldeko kidea zen. Harrezkero, egitasmo askotan hartu du parte Jairo Zavalak. Beste musikari batzuekin jotzen gozatzen duela dio, eta, horregatik, bada, zerrenda luzea du egin dituen kolaborazioei begiratuta: Fuel Fandango, Vestusta Morla, Keu Agirretxea...

Gaur egun bi proiektu ditu paraleloan: Calexico eta Depedro. Azken horrekin lau lan luze argitaratu ditu: Depedro, Nubes de Papel, La Increíble Historia de un Hombre Bueno eta El Pasajero. Horrez gainera, hainbat EP kaleratu ditu; uztailaren 7an, hain justu ere, azkena: Acuérdate izena duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak