Eraberritze lanak egingo dira Manuel Muñozen

Imanol Beloki Unamuno 2017ko uzt. 21a, 11:00
Manuel Muñoz kiroldegia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Eskoriatzako Udalari emandako diru laguntzari esker hainbat lan egingo dituzte Manuel Muñoz kiroldegian. Erabiltzaileen eskaintzari erantzunez, 105.000 euro kostatuko dute lanek.

Eskoriatzako Udalak Manuel Muñoz kiroldegian hainbat berrikuntza eta konponketa lan egin nahi ditu, bertako erabiltzaileen eskakizunei erantzunez. Hala, bertan egin nahi dituzten lanen proiektua aurkeztu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta, horri erantzunez, 61.000 euroko laguntza jasoko du Udalak.
Lanak urrian hasi nahi dituzte, eta azaroan bukatuta egotea aurreikusten dute. Honela azaldu du Josu Ezkurdiak, Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak: "Kiroldegiko goiko gunea itxi egingo da; horrela, gimnasio berria lortuko dugu, azalera bikoiztuta. Kirol antolakuntza aldetik, fitness makinak egokitu eta beheko gimnasiokoak igoko ditugu gora; horrela, gela hori libratuko da beste ekintzak eta ikastaroak egin ahal izateko".

Gastuen partida, 105.000 euro

Foru Aldundiak lanen zati bat estaltzeko 61.000 euroko diru laguntza jaso du Udalak. Hala, lanen kostua handiagoa denez, partida bat bideratuko du Udalak. "Gastuen partida 105.000 eurokoa da, bestela ezin da obra adjudikatu. Diru-sarrera partida berria, berriz, 61.000 eurokoa da".

Herritarren eskaera

Lanak egiteko erabakia Udalarena izan arren, herritarren eskaera izan dela gaineratu du Ezkurdiak: "Erabiltzaileen eskaera izan da: neguan hotza eta udan bero egiten duelako, kantxan jokatzen diren partiduetan zarata dela-eta… Inkesta egin genuen, eta bertan garbi ikusi genuen aldaketa behar zela, eta erabiltzaileen eskaera kopurua ere handia izan da".

Urrian hasiko dituzte

Kiroldegian egingo dituzten lanak urrian hasiko direla azaldu du Ezkurdiak: "Aurreikuspenen arabera, urrian hasi eta azaroan bukatzea da asmoa". Hala, irailean lizitazioa martxan jarriko da, eta lanak egingo dituen enpresa konkurtso publikoaren bitartez kontratatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak