"Egoera konplexuak saihesteko mintegia"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko uzt. 7a, 10:58
Rafa Carriet.

Emakume guztiei zuzenduta, eskolarteko emakume-defentsa topaketa egingo da lehen aldiz, zapatu honetan, Eskoriatzan, kirola, defentsa eta kultura transmititzeko.

Rafa Carriet eskoriatzarra Karate Atama taldeko presidentea eta kirol zuzendari teknikoa da, eta 40 urtetik gora darama arte martzialen inguruan ikasten eta irakasten. Entrenatzailea bada ere, Euskal Herri osoan zein Espainia mailan hitzaldi eta erakustaldiak ematen urte asko daramatza. Hala, oraingoan, Eskoriatzan eskolartekoa antolatzera animatu da, lehenengoz egingo dena, Atamako kideekin eta Gu Denon Artean elkartekoekin batera gauzatuko dena.

Nolako mintegia izango da?

Madril, Bartzelona, Aragoi eta bertako irakasleak egongo gara topaketako saioak gidatzen. 10:00etan batuko gara, emakumeak elkarren artean ezagutu daitezen, lehenbizi, ongietorri gosarian, eta 10:30ean hasiko gara. 14:00ak arte iraungo du mintegiak, eta irakasle bakoitzak 40 minutuko klasea emango du, egoera ezberdinen inguruko errepresentazioak eginez…

Zer dela-eta otu zitzaizun emakumeen defentsarako eskolartekoa egitea?

Eskoriatzan emakumeen defentsarako taldea dugu, hamabost emakume inguruk osatzen dutena. Duela zortzi urte hasi ginen,  eta beraiek eskatutako zerbait izan da. Izan ere, beraien artean batzea… oso gustuko dute, eta, eskolartekoa sekula ez dugunez egin, buru-belarri jarri nintzen hau antolatzeko. Bestalde; defentsa, kirola eta kultura uztartze aldera ere antolatu dugu.

Zer transmititu nahi da?

Defenditzen jakitea baino gehiago, ekintzari berari eman nahi diogu garrantzia. Prebentzio neurriak hartzearen inguruan jardungo dugu. Bide batez, kirola egin, eta aholkuak emango zaizkie izan ditzaketen egoera batzuk saiheste aldera. Hala, egoera konplexuak saihesteko  mintegia izango da, defentsa ikastaro soil bat baino gehiago.

Topaketa irekia izango da?

Bertakoez gain, besteak beste, Gasteiz, Madril eta Aragoiko jendea izango da parte hartzen. Ez dugu topaketa Debagoienera edo Euskal Herrira soilik mugatu nahi eta nahi duena etor daiteke. Hala ere, doako mintegia izan arren, abisatzeko eskatu nahi diegu parte hartu nahi dutenei. Horretarako, 627 442 142 telefonora deitu edo kenpofulldefense@gmail.com helbidera idatzi behar da. 30 emakumek eman dute izena, eta, 40-50eko taldea osatzen badugu, nahikoa izango dela uste dut.

Topaketa honetaz gain, azken urteetan lorpen handiak batu dituzue, gainera, ezta?

Eskoriatzan 16 urtez irakasle aritu naiz, eta 2017a ezkero, gainera, erreferente dira Eskoriatzako kirolariak maila estatalean, eta gaur egun mundu mailan ere bai.

Ikusleei ere gonbidapena egin nahi diezu?

Ikusteko baino gehiago, probatzeko topaketa dela esango nuke nik. Egoera deseroso baten nola erreakzionatzen ikasi nahi duenarentzat, beldurra dutenentzat… eta saio dibertigarria izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak