Parte-hartze handia izan da jaietan, eguraldiak lagundu ez duen arren

Mikel Letonari aitortza, Txosna Batzordeko kide eta kuadrilakoek lagunduta.

San Pedro jaietan azken orduko leku aldaketak gorabeherak sortu dituela azaldu du Udalak, baina arrakastatsuak izan direla. Txosna Batzordeko kideak ere gustura geratu dira jaiek emandakoarekin, eta Mikel Letonari urteetan egin duen lana aitortu zioten.

Zapatuan amaitu ziren sanpedroak, eta, eguraldiak lagundu ez duen arren, arrakastatsuak izan direla azaldu du Udalak. Honela azaldu du Joserra Zubizarreta alkateak: "Gorabeherak izan ditugu eguraldiarengatik. Azken orduko leku aldaketak egon dira. Hala ere, parte-hartzea ona izan da. Txupinazora, esaterako, elkarte ezberdinetako ia 80 ordezkari gerturatu ziren… Orain, jai batzordean erabaki beharko da datorren urteko jaietarako berrikuntza edo aldaketarik egin behar ote den".

Kuadrillen joko barik, arrakasta

Eskoriatzako txosna batzordeko kideak ere fin-fin aritu dira jaietan lanean. Hainbat ekintza antolatu dituzte eta guztiak izan dira arrakastatsuak, nahiz eta kuadrillen arteko jokoak ez ziren gauzatu. Horren arrazoia da eguraldiak ez zuela lagundu eta izen-emate gutxi egon zirela. Hala ere, kuadrillen arteko bazkarian jende asko batu zen, eta, jokoak bertan behera geratu arren, bazkalostean, bingoa, tonbola, Beerpong eta fardo jaurtiketa jokoak egin zituzten, besteak beste.

Merezitako aitortza Mikel Letonari

Eskoriatzako txosna batzordeko kideek urteetan egin duen lana aitortu zioten Mikel Letona Motelo-ri. Horretarako, Motelo zure lana gure eredu idatzita zeukaten pankarta aurrean, txosna batzordeko kideek eta kuadrillakoek talde-argazkia atera zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.