Aingeru Guarda eta Kuatruena arteko bidegorria egokitu egingo dute

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 28a, 17:24
Kuatruenara heldu aurreko bidegorri zatia.

Ekaineko ohiko osoko bilkura izan zen martitzenean eta gai zerrendako puntu guztietatik aipagarriena kreditu baten espedientea aldatzea izan zen. Puntu horretan, hiru multzo ezberdin sartzen dira, eta hiru eremu horietan egingo dira aldaketak: kiroldegian, bidegorrian eta hiri altzarietan. Aldaketa egitea onartu egin zuten, EH Bilduren abstentzioarekin.

Manuel Muñoz kiroldegian zaharkitutako materialak kendu eta berriekin ordezkatuko dira, eta barruan erreforma batzuk egin nahi dituzte, goiko pisuko espazioa berrantolatuz. Bidegorrian, berriz, Aingeru Guardako zubitik Kuatruenako semafororaino, berritu eta egokitu egingo dute bidea. Horrez gain, mugimendua lantzeko aparatuak jarriko dituzte. Hiri-altzarien barruan, Apotzaga auzoko umeen parkea egokitu behar zuten, baina, egoera txarrean dagoenez, berriztatu egingo dute. Olaeta plazan, jende nagusiarendako mugimendua bultzatzeko aparatu batzuk jarriko dituzte, eta, skate parkea hondatuta dagoenez, konpondu egingo dute. Gazteen beste eskara bati erantzunez, street work izeneko parkea jarri nahi dute.

Prekarietatea aztertzea

Galde-eskeen tartean, EH Bilduko Aitor Zubizarreta bozeramaileak proposamen bat eta galdera bat egin zien mahaikideei.

Batetik, prekarietatearen gaia aztertzea eskatu zuen: "Egoera kronifikatuta daukagu, eta behatoki bat sortu beharko genuke hau aztertu eta informazioa emateko…". Alderdikideek adostasuna adierazi zuten, eta batzordeetan hitz egingo dutela esan zuten.

Galdera, aldiz, Santa Ana aparkalekuaren ingurukoa izan zen. Itxi egingo den, nola dagoen gaia… galdetu zuen. Honela azaldu zuen Joserra Zubizarreta alkateak: "Guk proposamen bat egin genien jabeei, eta ez dugu erantzunik jaso. Aparkalekuak egiten ari gara, Huhezirekin ere hitz egiten ari gara bertako berdegunean aparkalekua egiteko. Gaia juridikoki ari gara aztertzen. Laster jakingo dugu zerbait, eta uztailaren 20ko osoko bilkura baino lehen aldaketarik badago, jakinaraziko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak