Besteak beste, marrazki lehiaketa, pailazoak eta entzierro txikia –kartoizko zezenekin eginikoa– antolatu dute. Horien artean, marrazki lehiaketa azpimarratu du Unzuetak: "Arrakasta handia izan ohi du marrazki lehiaketak. Aurreko urtean, adibidez, 100 haur inguruk esku hartu zuen ekimenean". Ekainaren 28an egingo dute aipaturiko ekintza.
Horrez aparte, zezen txikiak eta poneyak egongo dira Intxaurtxueta auzoko plazan. Bergarako errekortadoreek erakustaldia eskainiko dute bertan. "Jende ugari bertaratzen da Intxaurtxueta plazara. Giro polita sortzen da", azaldu du Unzuetak.
Txirrista erraldoia
Bestetik, aurten, berrikuntzekin dator egitaraua. Aipatu beharrekoa da uztailaren 1ean txirrista erraldoia eta umeentzako ludoteka jarriko dutela eliza parean. 40 metroko luzera eta 10 metroko altuera izango ditu txirristak.
Danborradan beherakada
Bestalde, erronka bat dute haurren danborradan. "Gero eta jende gutxiagok parte hartzen du haurren danborradan. Adinez aurrera egin ahala, haurrei gehiago kostatzen zaie danborra jotzen segitzea. Hori aldatu gura dugu", dio Unzuetak.