Aurten, tentu handiagoz landu dute menuaren kontua, antolatzaileek diotenez, azken urteetan horren bueltan izan dituzten "kexak" direla eta. Bada, bi menu eskainiko dituzte; bata, 14 urtetik beherakoentzat, eta, bestea, gainerakoentzat. Lehen taldeari dagokionez, makarroiak, hanburgesa eta postrea –flana, jogurta edo natilla– jarri dituzte jaki-zerrendan. Gainerakoentzat, aldiz, udaberriko entsalada, biribilkia saltsan eta San Markos tarta prestatuko dituzte.
Erreserba egiteko aukera
Azken urteetan gora doa erreserba egiten duten herritarren kopurua. "Jendeak kuadrillan bazkaldu gura du, eta lagungarri zaigu erreserben kontua. Bestela, zaila izaten da lagun talde guztia elkarrekin esertzeko lekua bilatzea", azaldu du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Kultura teknikariak. Hori horrela, erreserba egiteko dei egin die herritarrei. Posta elektronikoz edo telefonoz har daiteke lekua.
Irrintzi lehiaketa
Bazkalosterako, irrintzi lehiaketa antolatu dute; laugarren edizioa izango da aurtengoa. Lehiakide ugari izaten ez dituen arren, egitasmo parte-hartzailea da, herri bazkariko mahaikideak dira-eta epaile. Alegia, kuadrillek parte hartzaile bakoitzari emandako puntuazioek erabakitzen dute nor izango den garaile.
Iaz, Iratxe Arrese eskoriatzarrak irabazi zuen irrintzi txapelketa, bigarrenez. "Irrintzi luzea botatzea izan daiteke irabazteko trikimailua, baina, ezin ziur esan", dio Arresek.