Tantaia altxatzea eta sua piztea, gazteen esku

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 23a, 11:11
Aurtengo kintoak tantaia zuritzen.

Gaur, ekainaren 23a, San Juan bezpera da, eta, ohiturari jarraituz, Fernando Eskoriatza plazan tantaia altxatu eta sua piztuko dute datorren urtean kintoak izango diren gazteek.

Aurten, 2000n jaiotako gazteek izango dute tantaia jasotzeko ardura, baina, hori egin aurretik, bota egin beharko dute lehenbizi. Hala ere, ez dute eurek botako, Bolibar auzoko Agiña baserriko Javier Zabalak baizik, eta gazteek zuritu ostean herriraino jaitsiko dute. Behin tantaia Eskoriatzara jaitsi ostean, egun osoz Zarauztarra taberna aurrean utziko dute, herritarrek ikus dezaten, eta gauean altxatzeko prest izateko.

37 lagun tantaia jasotzeko

Elaitz Iregi da 2000n jaiotako kintoetako bat, eta tantaia jasotzeko gogoz daudela azaldu du: "Gure kintadan 37 lagun gara, eta tantaia guk ez bota arren, lana izango dugu hau herrira jaisten. Bolibartik behera jaitsiko dugu, ondo zuritu ostean, eta, horretarako, Agiñako Javier Zabalak traktorearekin behar den moduan utziko digu…".

Sua piztea

San Juan sua pizteko ardura ere tantaia altxatuko dutenek izango dute. Hala, 2000n jaiotako gazteenak –Jorge Perea– eta nagusienak –Irati Moto– piztuko dute aurtengo sua, hain zuzen ere.

Ostean, berriz, agian, aurreskua dantzatuko dutela azaldu du Iregik: "Ez dakit aurreskua dantzatuko dugun, baina txistularien doinuekin hainbat bira emango dizkiogu suari denok eskutik helduta; hori, seguru…".


Ekainak 23ko egitaraua

• 18:00 Txorimaloaren bila eta datorren urterako lore-sendorra prestatzeko irteera egingo da.
• 19:00 Buruhandiak.
• 22:00 2000n jaiotako herriko gazteek altxatuko dute tantaia.
• 22:30 San Juan sua. Aurtengoa 2000n jaiotakoek piztuko dute. Ondoren, txistu doinuaren laguntzarekin, erromeria izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak