Txosnagunea, herritar guztien festa eremu

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 26a, 11:00

Iaz, txosnagunea beteta izan zen momentu bat. Eskoriatzako txosna batzordea

Eskoriatzako txosna batzordeako kideek San Pedro jaietarako egitarau zabala prestatu dute aurten ere. Santa Marina plazan jarriko dute karpa, eta ekainaren 28tik uztailaren 1era arte, egunez egun ekintza ugari prestatu dituzte herritarrentzat.

Mikel Letona Motelo Eskoriatzako txosna batzordeko kideak azaldu duenez: "Urtero moduan, alde alternatibo bat eratzen saiatzen gara, tabernaz taberna ibiltzeaz gain, beste eremu bat jarriz. Hala, auzolanean egiten ditugu prestaketa lanak, eta gazte jendea hurbiltzea izaten dugu urtero helburu. Batetik, antolakuntzan laguntzeko, eta bestetik, egunez egun txosnaguneko ekintzetan parte hartzeko. Beti izaten dugu jende falta…".

Hitzordu garrantzitsuak

Kuadrillen Eguna izan ohi da txosnaguneko egun handia, eta honela adierazi du Letonak: "Kuadrillen arteko bazkariaz eta urtez urte errotu den Bandera jolasaz gain, kontzertu potenteenak egun honetan jartzen ahalegintzen gara. Aurten ere hala izango da, baina San Pedro egunean izango diren herriko taldeen emanaldiak ere izango dute zer esana…".

Bertsioak, San Peters Oi!-ren eskutik

San Pedro jaietarako soilik osatutako taldeak bertsioz betetako kantuak eskainiko ditu ekainaren 29an txosnagunean. Xabi Zugasti, Ibai Iregi, Harri Anzizar, Gorka Idigoras eta Eneko eta Joseba Zubizarreta anaiek osatzen dute taldea, eta gogo biziz daude emanaldi egunerako. Honela adierazi du Gorka Idigoras bateria-joleak: "Gogotsu gaude, eta, lau edo bost entsegu bakarrik egin ditugun arren, ondo pasatzea da gure asmoa. Sagardotegira joan ginen egun batean sortu zitzaigun taldea sortzearen ideia, eta, burugogor samarrak garenez, egitea pentsatu dugu. Taldekide batzuk beste talde batzuetan ari dira eta hori lagungarri zaigu; izan ere, Joseba eta Eneko anaiek, esaterako, abestu egingo dute, eta beraien lehenengo aldia izango da".

Heriotza, Cicatriz, RIP, Puñetazo, Iskanbila, Hell Beer Boys… halako taldeen bertsioak eskainiko dituzte, eta egunerako soilik prestatu duten kontzertuan jende asko izango dela aurreikusten dute, bai taldekideek, bai txosna batzordeko antolatzaileek.

 

Txosnaguneko egitaraua

Eskoriatzako txosna batzordeko kideek egunez egun antolatu dituzten ekintzak honako hauek izango dira:

Ekainak 28, eguaztena. Bikote Eguna

• 18:00 Txosnen irekiera.
• Ondoren Triki-poteoa txosnetatik hasita.
• 22:30 Danborrada.
• 01:00-03:00 Bikote jokoa.
• 01:00 DJ Moto.

Ekainak 29, eguena. Kontzertu gaua

• 19:00 Pintxo-potea herrian zehar.
• 19:30 Bertso-poteoa.
• 00:00 Herriko taldeen kontzertuak: Jasan, Screaming For Change, San Peters Oi!

Ekainak 30, egubakoitza. Kuadrillen Eguna

• 14:30 Kuadrillen arteko bazkaria.
• 17:00 Tiratxina lehiaketa / Beerpong lehiaketa.
• 19:00 Kuadrillen jokoak: VII. Banderia.
• 01:00 The Wood Strings.
• 03:00 Patxuko Nice.

Ekainak 1, zapatua. Eskoitzara Eguna

• 18:30 Euskal preso eta Iheslarien aldeko kontzentrazioa plazan.
• 18:45 Argazki erraldoia Mikel eta Marixolentzat.
• 20:00 Elektrotxaranga.
• 00:00-00:30 Happy Hour.
• 01:00 Iratzar taldea.
• 04:00 DJ Txingorra eta DJ Baltasar.

Iaz izandako arrakastaren ostean, Kuadrillen Egunean, ekainaren 30ean, tonbola ere izango da txosnagunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak