Zehaztu dituzte Udaero egitasmoko ekintzak

Imanol Beloki Unamuno 2017ko eka. 9a, 13:20
Iazko Udaeron, ur azpian ateratako talde argazkia. eskoriatzako gaztelekua

Eskoriatzako eta Aretxabaletako 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek programatu dituzte uztailean gauzatuko duten Udaero egitasmoaren seigarren edizioko ekintzak, egunez egun.

Nerabeen parte hartzea sustatu nahian, euren proposamenak eta iradokizunak jaso eta parte hartzaile guztien artean gaztelekuan adostu zituzten begiraleekin batera, eta, uztailaren 3tik 7ra, mota askotariko irteeren eta ekintzen aldeko apustua egin dute.

Iratxe Arrese Eskoriatzako gaztelekuko hezitzaileak azaldu duenez, hainbat irteera eta herrian bertan izango diren ekintzak tartekatzen dituzte, eta, egunerokotasunetik irtenda, ekintza bereziak prestatu nahi izaten dituzte Udaeron, urtero moduan, nerabeei hainbat balio helaraziz: "Nerabeen guraso asko oraindik oporretan egoten dira, eta, gazteek oporretako sentsazio handiagoa izan dezaten, ekintza berezien eta herritik kanporako egun-pasen aldeko apustua egiten dugu".

Jolasa eta balioak landuz

Gainera, hainbat balio transmititzen saiatzen dira gaztelekuko hezitzaileak: "Elkarbizitza, lagun berriak egitea, bailarako gazteak elkarren artean ezagutzea, naturarekiko zaintza eta errespetua izatea, euskara lantzea baino gehiago, euskaraz bizi izatea… Horiek lantzen ditugu, besteak beste, lagun artean, bi aste eder pasatzeko asmoz", adierazi du Iratxe Arresek.

Plaza guztiak beteta

Udaero egitasmoan 21 pertsonak eman dute izena eta Gaztekonkis abenturan, berriz, hogeik. Gaztekonkis ekintza Lexargaraten egingo dute; aisialdiaz gain, jokoak egin eta kirolaz gozatzeko aukera izango dute.

EGITARAUA

Uztailak 3
• Paintball-a Galarretan (Araba) eta Garaioko urtegira egun-pasa.
Uztailak 4
• Mutrikuko igerileku naturaletara irteera egun-pasa eta snorkell-a.
Uztailak 5
• Aretxabaletako gaztelekuan afalduko dute. 'Scape room' egin, eta bertan lo egiten geratuko dira.
Uztailak 6
• Usakora irteera egingo dute, bizikletan, patinetan edo skatearekin.
Uztailak 7
• Padel-surfa eta hondartza.
Uztailak 11, 12, 13, 14
• Gaztekonkis abentura egingo dute Lexargaraten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak