Klima aldaketa hizpide maiatzeko osoko bilkuran

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mai. 24a, 12:56
Herriko ikastetxeetako ikasleak udalbatzan izan ziren martitzenean, Agenda 21 programako hainbat proposamen egiteko.

Eskoriatzako udalbatzako kideek herriko ikastetxeetako ikasleen bisita jaso zuten martitzenean. Izan ere, Eskola Agenda 21 programa landu dute aurten ikastetxeetako gaztetxoek, eta  jorratu duten gaia klima aldaketa izan da. Hala, hainbat proposamen egin zizkieten Udaleko ordezkariei, ezohiko osoko bilkura eran.

Lehen Hezkuntzako lehenengo ziklo eta DBHko bigarren maila arteko ikasleek hainbat eskaera egin zituzten: herriko udal langileen mugikortasunaren inguruan, ortu publiko gehiago jarri behar direla, eta bertan ekoizten direnak herriko azokan saltzea, garraio publikoa erabiltzeko kanpainak egin ditzatela eta, era berean, bizikleta eta patineteak erabiltzeko bide aproposak eta aparkalekuak egitea, eta jatorri berriztagarria duen energia hornitzailea kontratatu dezatela, besteak beste. Eskaera eta proposamen horien aurrean, gaztetxoek aipatu zituzten hainbat puntu azpimarratu zituen Joserra Zubizarreta alkateak; adierazi zuen eskaerak aztertuko dituztela eta irailean elkar ikusiko dutela: "Proposamen batzuk interesgarriak dira, beste batzuk bat datoz gu aztertzen eta urratsak egiten ari garenarekin, eta orain, batzorde ezberdinetan aztertuko da gaia…".

Osoko bilkuran

Maiatzeko ohiko osoko bilkurari hasiera emateko, alkateak Manchesterren gertatutako sarraskia aipatu zuen; adierazi zuen Eudelek eta Eskoriatzako Udalak irmotasunez gaitzesten zutela eta elkartasuna adierazi nahi izan zien biktimen senideei.

Berraztertze errekurtsoari ezetz

Bernabe Errasti jaunaren jabetzaren aurretik Mazmelarako bideraino doan bide zatia ofizioz ikertzeko espedientea erabakitzen duen 2017ko otsailaren 21eko udalbatzarraren erabakiaren aurka Javier Errastik jarritako berraztertze errekurtsoari buruzko erabakia ere hartu zen. "Tejeria bideko zati bat, Bernabe Errastinetik Iparragirreraino doana, bide publikoa izatea eta oinezkoa jartzea erabaki zen. Javierrek alegazioak jarri zituen; batzordean aztertu, eta ezeztatu egin dira. Berak bere desadostasuna adierazi du…", azaldu zuen Zubizarreta alkateak.

Osoko bilkuran onartutako beste gai bat ezohiko kirol jardueretarako diru laguntzak arautzen dituzten oinarriak hasiera batean onartzea izan zen. Orain, 30 eguneko epea egongo da alegazioak jartzeko, eta, horren ondoren, beste 30 egun barru eskaerak egiteko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak