Motxila 21 izango da Atxorrotx Kultura Elkartearen eguneko ekitaldi nagusia

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mai. 10a, 15:53

Urtean zehar egindako lana kalera atera eta, era berean, bazkideei, emandako laguntza eskertzeko helburuarekin, Atxorrotx Kultura Elkartearen eguna ospatuko da zapatuan. Urteroko ekintzak izango dira, eta, nola ez, hamabigarren edizio honetan ere ez dira musika emanaldiak faltako.

Urtero legez, gaurko kontzertuarekin emango diote hasiera Atxorrotx egunari, motorrak berotze aldera. Hala, Eñaut Zubizarreta musikaria Trigger proiektu berriarekin izango da Inkernu tabernan, 23:00etan. Txeloa, pedalak eta elektrifikazioa erabiliz, punk kantuak eskainiko ditu.

Zapatuan, berriz, 11:00etan umeendako puzgarriak izango dira plazan, txistulariekin kalejira, 12:00etan taloak eta sagardoa, paella jana 14:30ean Hotela tabernan, 18:30ean buruhandiak eta ondoren, 20:00etan, Errekan Gora ekimenaren hamargarren urteurrenaren harira, Motxila 21 taldearen emanaldia Herriko Plazan.

Motxila 21

Down sindromea duten hamabi gaztek osatzen dute taldea, eta laguntzaile dabiltzan beste bederatzi musikari ere oholtzan izango dira. "Jende dezente etorriko delakoan gaude, talde handia baita. Hala ere, eguraldi txarra egiten badu, badugu beste plan bat. Olaetako plazan joko dute; orain arte bertan ez dugu emanaldirik egin, eta leku aproposa dela uste dugu", dio Juan Luis Zubizarretak, elkarteko lehendakariak.

 

Egunari amaiera emateko, berriz, DJ Parrucho izango da Inkernu tabernan, 22:30ean.

Elkartea momentu onean

105 bazkide ditu gaur egun Atxorrotx Kultura Elkarteak. "Beti izan dugu asmoa bazkide kopurua handitzeko, eta, ekonomikoki momentu onean gauden arren, potentziatzea da gure asmoa. Egiten dugun lana herrira zabaldu da, herritarren onarpenarekin, gainera, uste dut nik, eta lanean jarraitzea da gure asmoa", adierazi du Juan Luis Zubizarretak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak