Badira kirol talde batean urteak egiten dituzten jokalariak, eta bertako erreferente bilakatzen direnak. Denek, baina, agur esaterako orduan ez dute errekonozimendu berbera izaten. Ez da Eskoriatzako Jonathan Valor kapitainaren kasua, atzoko protagonistak ondo gogoan izango du taldeak Elorrietakoren kontra jokatutako ligako azken norgehiagoka, partidua baino, bere agurra izan zelako norgehiagoka berezi egin zuena.
Sorpresa ederra prestatu zioten taldekideek
Eskoriatzako kapitainak ez zuen taldekideek prestatutakoaren berri. Hala, urtetan Eskoriatzako areto futbol taldean esku hartu duten jokalariak gonbidatu zituzten partidura, omenaldian parte hartzeko. Eta koadrila ederra batu zen Valor omentzeko. Hala, aldagelatik irtendakoan hartu zuen ezustekoa jokalariak, han zeuden lagun asko eta asko, azken partidu horretan omenaldia egiteko gertu. Jokalariek –lehengoek eta oraingoek–pasilloa egin zioten, tartean zeuden etxekoak ere, eta jarraian hainbat opari jaso zituen, besarkada askorekin batera eta harmailetatik iristen ziren txalo artean. Kapitainak ezin izan zien emozioei eutsi, eta negar malkotan bizi izan zituen partiduaren atarikoak. Horra, kirol bizitza osoa taldeari eskaini izanaren ordaina.