Atxorrotx Kultur Elkartearen egunerako egitaraua prest

Duela bi urte ospatu zen Atxorrotx Kultura elkartearen eguna.

Atxorrotx Kultura Elkartearen eguna maiatzaren 13an izango da eta urtero moduan egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Besteak beste, musika emanaldiak, haurrentzako puzgarriak, txistulariekin kalejira, taloak eta sagardoa herriko plazan, paella jana eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte, sorpresaren bat edo bestez beteta.

Elkartearen egunaren aurretik, maiatzaren 12an, motorrak berotzen joateko Trigger proiektuarekin izango da Eñaut Zubizarreta musikaria Inkernu tabernan 22:30ean.

Errekan Gorako taldeak lotzen

Atxorrotx Kultur Elkartearen egunarekin batera, elkarteak berak antolatzen duen Errekan Gora jaialdiak hamar urte beteko ditu, eta musika ikuskizunez beteko dituzte herriko txoko ezberdinak uztaileko astebukaerak.

Motxila 21

Honen harira, maiatzak 13an, ospakizun berezia emango prestatu dute elkartearen egunean hamargarren Errekan Gora jaialdiari hasiera emateko. Down sindromea dutenen Nafarroako elkarteko Motxila 21 musika taldea izango da; besteak beste Enrique Villarral Drogas du bidelagun. Maiatzaren 13an izango da kontzertua, Herriko Plazan, 19:30ean.

2007an egin zen lehen aldiz Errekan Gora jaialdia eta Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak hasiak dira hamargarren edizio honetarako egitaraua prestatzen. Hala ere, antolatzaileen esanetan: "Azken ukituak ematen ari gara egitarauari eta musika talde batzuk lotu ditugun arren, oraindik goiz da nortzuk ekarriko ditugun esateko. Hala ere, laster jakinaraziko ditugu zein talde izango diren aurtengo edizioan. Hamar urteak behar bezala ospatu nahi ditugu eta uztaileko egitaraua ederra izango den arren, maiatzaren 13an talde bitxi bezain ederra ekartzea lortu dugu…" dio Iñaki Kortazar Atxorrotx Kultur Elkarteko kideak.

Talde handiak hamar urtetan

Hamar urtetan musika estilo, talde eta bakarlari ugari batu ditu Errekan Gorak. Besteak beste, Kepa Junkera, Amparo Sanchez, Anje Duhalde, Dead Bronco, Belako, Glaukoma, Mikel Urdangarin, Kalakan, Izaki Gardenak, Bizardunak… bezalako talde handiak izan dira Eskoriatzan. Gainera, emanaldiak Eskoriatzako txoko ezberdinetan prestatzen ahalegintzen dira antolakuntza taldekoak eta hala jarraitzeko asmoa dute. Batzuetan arrakasta gehiagorekin eta beste batzuetan gutxiago izan arren, xarma berezia izan duten kontzertuak ere prestatu izan ohi dituzte. Esaterako, Atxorrotx mendian egin zenekoa. 2010eko uztailaren 24an, gazteluaren inguruko azalpenak, bertsolariak, erromeria eta Bizardunak taldea izan zen. Jende asko batu zen, eta mendian egiteak arrakasta aparta izan zuen.

Bide beretik jarraitzeko asmoz

Atxorrotx kultur Elkarteko kideak pozik daude Errekan Gorako hamar urteek eta elkarteak berak antolatu dituen ekintzekin, eta bide beretik jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute, betiere Eskoriatza kulturaz eta musikaz betetzen jarraitzeko, eta herria girotzeko asmoz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.