Instagram aplikazioa erabilita, erronka ezberdinei aurre egin beharko diete parte hartzaileek. Zapatuan 17:30ean hasiko da lehiaketa, eta argazki ginkana bat antolatu dute horretarako. Taldeetan banatuta, selfie bitxiak atera beharko dituzte, herriko txoko bateko elementu bat aurkitu eta argazkia atera, eta abar. Orain arte, sare sozialen gaineko formazio saioak izan dituzte nerabeek. Haien arriskuak zeintzuk diren adierazi diete, Ekaitz Zilarmendi argazkilariaren ikastaroa ere jaso zuten, eta, haren azalpenak barneratuta, argazki saioa egin dute kanpaina horren barruan ikasitakoa praktikan jartzeko. Hala ere, ekintzak ez dira nerabeentzat soilik landu; gurasoentzat ere izan dira formakuntza saioak.
Lehiaketa hori Gipuzkoa mailan dagoen Hi, selphie! lehiaketarako baliagarria izango da eskoriatzarrentzat. Hala, asteburuan ateratako argazkiak bidali ahal izango dituzte eta sari ederrak irabazteko aukerak izango dituzte.
Erabilera sanoa izateko
Instant1ean hiritartasun digitala nerabeekin lantzeko kanpaina bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztematika arloak, hainbat udalek eta gaztelekuk martxan jarri dute, eta gazteengan teknologiaren erabilera sanoa sustatzeko helburua du.