Aitziber Soriano: "Erreferenteak gara emakumeen saskibaloian"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ots. 24a, 10:00
Aitziber Soriano 'Txori' Eskoriatzako senior mailako saskibaloi jokalaria.

Eskoriatza taldeko saskibaloi jokalaria eskolta da Aitziber Soriano Txori Eskoriatzako taldean; antolatzaileari baloia igotzen laguntzen dio, nahiz eta batzuetan antolatzaile postuan ere jokatu duen.

Eskoriatzako senior mailako emakumezkoen saskibaloi taldeak deskantsua izango du aste bukaera honetan, Inauteriak direla eta, baina hurrengo jardunaldian liderraren aurka jokatuko dute, AYMA Goierri taldearen aurka, eta gogotsu daudela adierazi du Aitziber Soriano Txori jokalariak.

Zenbat urtez Eskoriatzako saskibaloi taldean?
2003-2004 denboraldian heldu nintzen Eskoriatzara, Arrasaten junior talderik ez zegoelako. Beraz, atera kontuak... aurtengo denboraldiarekin hamahiru dira. Etxean bezala sentitzen nahiz hemen, familia txiki bat gara. Manuel Muñoz gure presidente ohiak hala esaten zuen beti, eta horrela izaten ahalegindu gara.

Eskoriatzako taldean ez dago herriko jokalaririk; nola da posible?

Hamaika emakume gara taldean, gehienak Arrasatekoak, baina baditugu kanpotik etortzen direnak ere; bi jokalari Durangotik etortzen dira, esaterako. Aurten ez dago Eskoriatzako jokalaririk.

Nola doa denboraldia?

Denboraldia ez da guk uste bezala joan. Hasierako helburuak ez dira bete. Agian, finkatuta geneuzkan helburuak handi geratu zaizkigu. Baina entrenatzaile aldaketarekin, poliki-poliki aurrera goaz, gauzak ondo eginaz, pixkanaka intentsitate eta erritmoa hobetuz, eta jokatzeko era berria barneratuz goaz. Ondo doala esan daiteke.

Senior mailako emakumezko talde bakarra da Eskoriatza, debagoienean. Erreferenteak zarete?

Bai, egia da Eskoriatza saskibaloi taldea emakumeen saskibaloian erreferente izan dela bailaran denbora luzean. Ez dakit zenbat urte diren, baina pentsa... ni hemen hamahiru urte noa... [Barre]

Horren harira, martxoaren 12an Areskoren martxa. bertan ikusiko da emakumeen eta kirolaren alde herritarren elkartasuna?

Oso polita da herriaren elkartasuna ikustea. Eta zenbat jende dagoen inplikatuta gure kirolarekin eta gure kirolariekin. Herri txiki honetan horrelako klub handi bat izatea pribilegio hutsa da eta harrotasunez eramaten dugu Eskoriatzaren izena Gipuzkoan eta Euskal Herrian zehar. Aresko saskibaloi eskolak antolatzen duen bigarren edizio honetan, berritasun bezala, lasterketa egongo da, aurreko urtean jendeak hala eskatuta. Beraz, egun polita izango da.

Animo faltarik, behintzat, ez duzue izaten harmailetan, ezta?

Jende dezente etortzen da gu animatzera. Partiduak ostiraletan izanda, aurretik entrenatzen diren taldeak ere bertan geratzen dira gu animatzen. Gainera, tabernan pintxo-potea egiten dute guk jokatzen dugunean; beraz, ez dakigu gu animatzera edo pintxoa jatera etortzen diren. [Barre] Eskerrak eman nahi dizkiet ostiralero hor egoten diren guztiei, askotan ez baita erraza izaten. Berotasun hori nabari da eta gu ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara.

Hurrengo jardunaldia liderraren aurka. Irabazi beharra daukazue?

Aste honetan deskantsua dugu. Ondo etorriko zaigu, ditugun lesio eta kargak kentzeko. Partidu inportantea izango da, liga amaierarako, ikusita aurreko astean Bera Bera Albisturren aurka galdu zutela...

Zein da denboraldi honetarako helburu nagusia?

Talde berria dugu aurreko urtetik, eta nahiko gaztea, esango nuke. Gure helburua ondo pasatzea da, egiten dugunarekin disfrutatzea eta poliki-poliki ikasten joatea. Baina taldea dagoen bezala ikusita, lehenengo bosten artean geratzea dela esango nuke. Hau nik orain finkatzen dudan helburua da, ea zer gertatzen den liga amaierarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak