Aratusteak 2017

Sari ugarirekin dator mozorro-desfilea Eskoriatzara

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ots. 24a, 09:34

Arabez jantzitako kuadrila iazko desfilean.

Aratuste-zapaturako prestaketa lanak eginda izango dituzte eskoriatzar askok. Mozorroak alde batetik, karrozak bestetik, eta seguru batek edo bestek izango duela dantzaren bat prestatuta goizean egingo den mozorro desfile-lehiaketarako. Izan ere, 12:30ean hasiko da desfilea Luis Ezeizako patioan, eta aurten jarri diren sari guztiekin dagoeneko, aurrez, hainbat talde eta norbanakok izena eman badute ere, egunean bertan, 12:00etatik 12:15ak arte, aukera izango dute orain arte eman ez dutenek izena emateko Luis Ezeiza eskolako patioan bertan.

Luis Ezeiza–Herriko Plaza–San Juan kale–Herriko Plaza bidea egingo dute desfilean parte hartuko dutenek, eta erakustaldia edo dantzaldia egiteko 4-5 minutuko tartea izango dute. Parte hartzaile edo kuadrilla bakoitzari zenbaki bat emango diote, desfilerako ordena adierazteko, eta epaimahaia desfilea bukatutakoan elkartuko da erabakia hartzeko.

Arratsaldean, 19:00etan, plazan bertan jakinaraziko da mozorro-desfileko irabazleak nortzuk diren, eta sariak banatuko dituzte orduan. 14 urtetik gorakoentzako bederatzi sari izango dira eta 14 urtetik beherakoentzako, berriz, hiru.

Sari ugari aurtengo lehiaketan

Banakako eta bikotekako irabazleek 50 euro jasoko dute; mozorro onena daramanak, originalenak eta giro onena jartzen duenak. Haien moduan, hiru sari egongo dira hiru eta zazpi laguneko taldekoentzat; kasu horretan, 100 euro jasoko dituzte. Eta, azkenik, zortzi pertsonatik gorako taldeentzat 200 euroko sariak izango dira aurrez aipatutako hiru sailetan. 14 urtetik beherakoen kasuan, bi pertsonatik gorako taldeentzat hiru sari banatuko dituzte.

Paella herri bazkarian

Desfileko parte-hartzaileak plazan biltzean, DJ Moto izango da mu- sika jartzen herritarrak girotzeko, eta, gosea egin ondoren, 14:30ean herri bazkaria izango da frontoian: haragi eta barazki paella eta tarta izango dute, sagardoz lagunduta. Izan ere, ku- pela jarriko dute egun horretarako. Bazkalostean, Imanolek eta Unaik girotuko dute frontoia eta dantza egiteko aukera izango da bertan. 16:30ean, berriz, ze- zentxoak eta poneyak izango dira Luis Ezeizako kantxan, eta arratsaldeko seietan dantzaldia izango da plazan Luhartz taldearekin.

Kukumarroak martitzenean

Inauteri-martitzenean, berriz, umeek urteroko jaialdia egingo dute, 10:30ean hasita, Joseba Iñurrategi pilotalekuan, eta bertan hainbat dantza egingo dituzte Jose Arana eta Luis Ezeiza ikastetxeetako haurrek, urtero moduan.

Arratsaldean, berriz, kukumarroak izango dira, 17:00etan, Herriko Plazan, eta amaitzean, 18:00etan, Andoni Calvo, Josu Rodriguez eta Tirapu DJek alaituko dute plaza gaztetxoendako musika eta dibertsioa jarrita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak