Herritarrak Kinttaden Egunerako dena prest

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ots. 3a, 15:00
Iaz egindako kintada baten talde argazkia. goiena

Bihar ospatuko da Kinttaden Eguna Eskoriatzan, eta dagoeneko beteta daude herriko taberna eta elkarteak, kintada bakoitzak egingo duen bazkari edo afarirako. Herritik sortutako festa da, eta herritar guztiak jakinaren gainean daude noiz egiten den jaieguna.

Eskoriatzan errotu den festan, urtero dago giro aparta, eta aurten seigarren edizioa ospatuko dute. Sortu zeneko batzorderik ez egon arren, kintada bakoitzak urtean zehar bazkaria egin barik, egun hori ezartzen dute egutegian kinto bazkaria egiteko.

Ekimenaren helburua, funtsean, adin bereko kintoak batzea da, eta, egun batez, bazkari baten bueltan, momentu atsegina pasatzea. Horrekin batera, aurtengo Santa Ageda neska-mutilentzat herria girotzeko asmoa du ekimenak. Goizean, poteoarekin emango zaio hasiera egunari, nork bere kintadarekin egingo duena. Horren ondoren, kintada bakoitza aurrez erreserbatuta duen elkarte edo tabernara joango da bazkaltzera, eta arratsaldean jarraituko du festak.

Zapia edo kamiseta ohitura

Egun horretan, ohitura da kamiseta, zapia, gorbata… halako bereizgarri batekin irtetea kalera; hori horrela, aurten, Benta Motz Berri tabernako ugazabak dei egin die eskoriatzarrei, zapia egin nahi badute bertan eskatzeko. Hala, hamaika kintadak eskatu diote zapia egiteko; guztira, 180 pertsonarentzat egingo ditu. Hala ere, batzuk iazko zapiekin edo kamisetekin irtengo dira eta beste batzuk, aldiz, ezer barik. Dena den, jende asko espero da egunerako, eta zaila da zehazki jakitea zenbat kintada izango diren. Izan ere, batzuek, leku falta dela-eta, herritik kanpora egingo dute bazkaria; beste batzuek, aldiz, afaria egingo dute.

Kintadak emakumeen alde

Kinttaden Eguna dela aprobetxatuta, Eskoriatza Kirol Elkarteak martxoaren 12an izango den Emakumeen Martxarako betaurreko eta kamisetak salduko ditu, egunak ekarriko dizkien gastu ekonomikoei aurre egiteko. Horrekin batera, zapatuan, 11:30ean, plazan, txistorra jan eta sagardoa edateko aukera izango da. Kinttaden Egunari bultzada emateko, eta giroa berotzeko, txistor-jana eta Sagardo Eguna antolatu dute Eskoriatza Kirol Elkartekoek.

Dantzak, kolokan

Azken bi urteetan, dantzak egin izan dituzte kintada ezberdineko herritarrek txistularien laguntzarekin. Baina gaur egun batzorderik ez dagoenez, ez da ezer antolatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak