Ibarraundi museoan elkartu dira eta handik oinez joan dira herrigunera, hango aparkaleku handiaren ondoan dagoen belargunean zuhaitzak landatzeko. Aitzurrak, landareak eta beharrezkoak zituzten tresnak banatu dizkiete gurasoei eta zuloak egiten hasi dira denak laster. Lurra aztertu eta harriak atera dituzte. Haiek utzitako tokian sartu dituzte gero zuhaitz landareak.
"Gehienak lizarrak dira. Erreka ondoan landatu ditugu eta gune honetarako egokiak direla uste dugu. Egia da aurreko urteetan landatu ditugunak baino handiagoak direla aurtengoak. Txikiak ziren haiek eta asko galdu egin dira, kosta egin zitzaien indarra hartzea-eta. Hori ez gertatzeko ekarri ditugu aurten handiagoak", azaldu du Saioa Alzuak, Ibarraundiko teknikariak.
Familia-argazkiak ere atera dituzte, argazkia albumean sartu eta 2016an jaiotako haur horrek eskolara eraman dezan. Batzuk beraiek landatutako zuhaitza zenbatgarrena zen ere kontatu dute, hurrengo bisitan doazenean zein zuhaitz den jakiteko. Aitzurrarekin zuloa egiten izerditu arren, domeka goiz polita pasa dute denek.