Urtarrilaren 19an, Inauteriak antolatzeko bilera egin zuten, eta bertan ezarri zituzten nondik norakoak. Desfilea, esaterako, 12:30ean hasiko da, Luis Ezeizan, eta plazarainoko bidea egingo dute. Hala ere, parte-hartzaile batzuk Santa Marinara bideratuko dituzte eta beste batzuk, berriz, San Juan kalera, herritarrek ondo ikus ditzaten. Desfilea amaitzean, DJ Motok girotuko du plaza, eta sari banaketa 19:00etan izango da.
Paella herri bazkarian
Herri bazkaria 14:30ean izango da, urtero moduan, pilotalekuan, eta plater bakarra izango da: okela-paella. Helduek hamabost euro ordainduko dituzte eta 14 urtetik beherakoek, zazpi euro. Edatekoaz eta postreaz gain, sagardo kupela ez da faltako, azken urteetan moduan. Ondoren, Imanolek eta Unaik girotuko dute trikiti eta pandero doinuekin bazkalostea, eta nahi duenak dantza egiteko aukera izango du.
Bazkarirako txartelak, aldiz, otsailaren 6aren bueltan hasiko dira saltzen, Inkernun eta Goxotxikin, eta mahaiak erreserbatu nahi dituenak kultura etxera deitu beharko du, 943 71 46 88 telefono zenbakira.
16:30ean, zezentxoak eta poneyak izango dira Luis Ezeizako patioan, eguraldi ona egiten badu; hala ez bada, Gorosarri plazan jarriko dituzte. Ostean, dantzaldia izango da, 18:00etan, Herriko Plazan, Luhartz erromeria taldearekin, eta dantzatu ostean mozorro desfilearen sari banaketa egingo dute.
Sari ugari mozorro lehiaketan
14 urtetik gorakoetan, banakako eta bikoteentzat hiru sari egongo dira: mozorro onenarentzat, originalarentzat eta giro onena jarri duenarentzat. Horrekin batera, zazpira arteko talde txikien artean ere hiru sari horiek banatuko dira eta zortzitik gorako taldeen artean ere berdin. Horiez gain, 14 urtetik beherakoek ere hiru sari jasoko dituzte, bi pertsonatik gorako taldeek.
Martitzenean, otsailaren 28an
10:30ean, umeen jaialdia izango da Herriko Plazan. 17:00etan, berriz, kukumarruak irtengo dira, eta, amaitzeko, 18:00etan, DJ Andonik, Josu Rodriguezek eta Tirapuk girotuko dute plaza.