Hasi dituzte lanak Olaeta plaza atzeko maldan

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urt. 27a, 09:57
Hasi dituzte lanak Olazar atzeko maldan.

Hasi dituzte Olaeta plazako atzealdeko maldan mendi-hegala egonkortzeko eta atontzeko lanak. Aurrekontua 150.000 euro ingurukoa da, eta zenbait momentutan Antontxu bidetik Mazmela auzo aldera doan bidea itxita egongo da bertatik pasatzen direnentzat.

Lur-jausi txiki batzuk egon izan dira leku horretan, baina,  ezbeharrik gertatu aurretik, lur zati eremu hori behar bezala jartzea erabaki dute. Hala, dagoeneko hasi dira bertan dauden sastrakak, zuhaixkak-eta kentzen eta enborrak pilatzen, besteak beste.

Proiektuak bi zati

Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak azaldu du hiru edo lau aste iraungo dutela lanek, eta proiektuak bi zati nagusi dituela azpimarratu du: "Dagoeneko hasi dira bertako sastrakak garbitzen eta Antontxu bidetik behe aldera euste sare bat joango da lur erorketak ekiditeko, batetik. Bestetik, bidetik goiko alderako maldan, beste sare mota bat egongo da, autobidean jarri zutenaren modukoa, erori daitekeenari ondo eusteko."

Prebentzio neurriak

Lu-jausi batzuk izanak dira pasabide horretan, eta, ezbeharrik gertatu aurretik, lehentasuna eman nahi izan diote egin beharreko lanei. "Eginak zeuden lur-jausiak gure legealdia baino lehen leku horretan, eta guri eremua garbitzea tokatu zitzaigun legealdiaren hasieran. Bestalde, duela urte batzuk Aranburuzabala kalean izan zen lur erorketa bat, eta bizilagunek irten beharra izan zuten beren etxeetatik. Hala, bazegoen lehendik aztertuta inguru hori arriskutsua zela, eta proiektu bat proposatu zen bere garaian. Denbora joan zaigu proiektu hori gauzatzen; izan ere, 2016ko aurrekontuei lotutako proiektu bat da. Hala ere, hasi gara martxan, eta, eguraldiak laguntzen badu… lehenbailehen amaitzea da asmoa".

Eskaera herritarrei

Martitzenean egin zuten koordinazio bilera, eta, obrak hasi berri, alkateak adierazi du "gustura eta pozik" dagoela bilerak emandakoarekin. Hala ere, herritarrei deia helarazi nahi die lanek irauten duten bitartean bertatik ez pasatzeko. "Orain, eskatu beharra daukagu, bidea zenbait momentutan moztuta egongo dela-eta, herritarrak bertara ez gerturatzeko, arriskua egon daitekeelako. Bertako langileak ezin dira ibili lan egiten eta oinezkoak kontrolatzen; beraz, pazientzia eskatu nahi dut".

Erlazionatuak

Antontxu bidea

Imanol Beloki Unamuno 2017 urt 27 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak