'Tira! Aurrera!' antzezlana domekan

Domeka honetan Auzokideak lana izan behar zen Zaldibar antzokian, baina, antzerki taldeko kide baten osasun arazoengatik, Phanta Rhei antzerki taldeak beste antzezlan bat eramango du agertokira. Tira! Aurrera! lana, hain zuzen ere.

Hogeita bost urtetik gora lanean diharduten Phanta Rhei taldeko kideek Corre, payasa, corre lanaren euskarazko moldaketa egin dute, eta ikuskizuna 17:00etan izango da, domekan, Zaldibarren. Sarrerak aldez aurretik hiru eurotan erosi daitezke Manuel Muñoz kiroldegian, edo bibe.me webgunean.

Familientzako lana

Bost eta zortzi urte bitarteko haurrentzat zuzenduta dagoen arren, publiko guztientzat eskainitako saioa izango da. Honela adierazi du Unai Gartziak, Phanta Rhei taldeko kideak: "Komunikazioaren eta emozioen alde egiten dugu beti; hala, haurrentzako istorio bat izan arren, helduengana ere ailegatu nahi dugu. Familiendako lanak egiten saiatzen gara beti…".

Aktoreak txotxongiloekin

Phanta Rhei antzerki taldeak duela hogei urtetik txotxongiloen eta aktoreen arteko harremanaren sakontzean eta hausnarketan egin du lan, eta Juan Rodriguezek zuzendutako Tira! Aurrera! lana ere hala egingo dute.

Inguruan ikusten dituzten gaiak taularatzen dituzte Phanta Rheiko kideek. Honela adierazi du Unai Gartziak: "Haurren inguruan egin nahi dugun hausnarketa bat da lan hau. Gaur egungo haurrak bakardadean hezten eta hazten dira, etxeetan sartuta. Hala, gure istorioak haur baten eta kalean bizi den gizon baten arteko harremana kontatuko du. Atentziorik eza duen haur hau kalera irtengo da, eta kalean bizi den gizonak ez du ezertan sinesten… Biak elkartzean, euren arteko eboluzio bidaia bat kontatuko dugu".

Suediarrekin elkarlanean

Aurrez esan bezala, txotxongiloak eta benetako aktoreak nahastuko dituzte antzerki horretan, baina, horrez gain, suediarren kolaborazioa ere izango dute agertokian.

Nils Personne –Sabath Hela Veckan taldekoa– eta Ylva Varick sortzaile suediarrekin lankidetzan taularatuko dute. Bost ikuskizun egin dituzte elkarlanean, eta txotxongiloak diseinatzeko eta soinu-banda egiteko ardura izan dute suediarrek. Hala, denek batera, abentura bizia sortuko dute Tira! Aurrera! lanean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.