Marta Gartzia eta Nerea Pavo areto futboleko jokalari eskoriatzarrak 21 urtez azpiko euskal selekzioarekin izan dira pasa den aste bukaeran, Kantabrian jokatzen, eta Portugaleten jokatuko den txapelketarako sailkatu dira. Asteburu honetan, berriz, Valentziako erkidegoaren eta Gaztela-Mantxaren aurka jokatuko dute.
Nerea Pavo atezaina da, eta, Eskoriatzako taldean urte askoz egon ostean, bigarren mailako Ordizia taldean ari da jokatzen iaztik. Marta Gartzia, berriz, duela hiru urte sortu zen Eskoriatzako emakumezkoen areto futbol taldean ari da, senior mailan.
Kadeteak ere bai
Bestalde, Jokin Rayo eta Oier Saenz de Azkunaga eskoriatzarrak, kadete mailan, euskal selekzioarekin izan ziren Valdepeñasko (Ciudad Real) Espainiako txapelketan. Extremaduraren, Gaztela-Mantxaren eta Kanariarren aurka jokatu zuten, baina ez zuten partidurik irabazi, eta ezin izan ziren hurrengo faserako sailkatu.