Errege magoen desfilerako dena prest

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urt. 5a, 11:42

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege magoak Eskoriatzan izango dira gaur. Herriko gaztetxoek ilusioz ikusten dute urtero Errege magoen etorrera, eta, gozoki ugari eskuratzeaz gainera, euren errege kuttunenari eskutitza eman eta eurekin pixka bat egoteko aprobetxatuko dute.

Lehenbizi, hiru Errege magoak eta euren laguntzaileak zaharren egoitzara joango dira, egoiliarrei opariak ematera. Ondoren,  18:30etan kiroldegitik aterako dira desfilea egingo duten partaide guztiak; hiru Errege magoak, erromatarrak, soldaduak, antortxeroak, danbor-joleak, umeak baserritar jantziarekin… eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte astoaren gainean eramango dituzten opariekin. Egingo duten ibilbidea, berriz, honako hau izango da: kiroldegia, Intxaurtxueta, Gaztañadui, Arbiñoste, Jose Arana eta Herriko Plaza.

Hainbat berrikuntza

Aurten hainbat berrikuntza izango dira, gainera. Batetik, gabon kantak bozgorailuetatik jarriko dituzte, musika zuzenean egin beharrean.  Bidean zehar, Errege magoen laguntzaileek intsentsua, mirra eta urrea kutxetan eramango dituzte desfilea janzteko, eta, saioaren amaieran, berriz, herritarrentzat txokolate-jana izango da Herriko Plazan. Horrez gain, antzezlan berri batekin osatuko dute desfilea.

Figura berria desfilean

Ekialdeko Errege magoak, Jesukristo jaio ondoren, hura bisitatzera joan ziren Belengo izarrari jarraituz, jaioberria gurtzera eta, bide batez, opariak eramatera. Honen harira, pertsonaia berria ezarri nahi dute antolatzaileek desfilean. "Errege magoak juduen erregea bisitatzera joan zirenean, Herodesen gaztelura joan ziren, nahastuta, hala dio ebanjelioak, eta figura hori ere sartu nahi dugu desfilean. Zaharren Egoitzako atarian errepresentazio txiki bat egingo dugu, eta hortik plazara joango gara; kasu honetan, Jesukristo jaio den estalpera…", azaldu du Imanol Andetxaga antolakuntzako kideak.

Karroza barik, astoa

Aspalditik ez da izan karrozarik Eskoriatzako Errege magoen desfilean, baina azken urteotan astoaren laguntza izan dute. Aurten ere izango da, eta, desfilea janzteaz gain, opariak plazaraino eramateaz arduratuko da.

Partaide beharra

Antolakuntzak herritar guztiei gonbidapena luzatu nahi die desfilea ikustera joateko edo bertan parte hartzeko.  Honela azaldu du Andetxagak: "Helduei antortxero moduan joateko eskaera egin nahi diegu. Bestalde umeek parte hartu nahi badute,  18:00etan, baserritar jantzita, kiroldegian egoten badira artzain moduan irten daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak