2017ko Udal aurrekontuen eztabaida gauzatzen ari da. Gai garrantzitsu honen aurrean EH Bilduk prentsa ohar bidez adierazi du beraien jarrera "eraikitzailea" izan dela, eta beraien helburua Udal kudeaketaz haratago etorkizuneko herria eraikitzeari bidea zabaltzea izan dela. Horretarako, "herri bizitza sustatzea" beraien lehentasuna izan eta izango dela adierazi dute.
Gaur egun, kezka piztu duten sintomak daudela adierazi dute EH Bildutik, "herri dormitorio" delakoa bihurtzeko arriskua ikusten dutelako. Honen aurrean, "herritarren partizipazioa, eraginkorra bihurtzea, bizitza soziala eta merkataritza bultzatzea eta prekarietateak sortzen dituen desberdintasun sozialak gainditzea, lehen pausoak direla ikusi ditugu". Gaineratu dute, "norabide honetan egindako proposamen batzuk onartuak izan dira aurrekontuetan, pauso bat izan daiteke, baina ez da nahikoa, ikusi arte nola gauzatuko diren".
Herri batzar erabakigarria
Denon iritziak emanez, herri auzolana bultzatzea "oso garrantzitsua" izango dela azaldu dute. Hori horrela, "herritarren parte-hartzearen eta auzolanaren bidean, herri batzar erabakigarria antolatzea erabaki dugu". Alde batetik, aurrekontuen egoeraren berri eman nahi dute batzar honen bidez, iritziak elkartrukatzeko eta erabakiak herritar guztien artean hartzeko. Hala, "aurrekontuak nola landu behar diren jakiteko, zein zuzenketa diren beharrezkoak, eta etorkizunezko Eskoriatza marrazten hasteko".