Eskoriatzako Herriko Plazan elkarretaratzea egin dute, Kalera, Kalera, bakea eta askatasuna irabaztera!! lelopean, presoen etxeratzea eskatu eta zentzu horretan egingo dituzten hurrengo ekimen eta mobilizazioetara dei egiteko.
Elkarretaratzearen amaieran, Kalera, Kalera ekimeneko kide den Iñaki Lizundiak adierazi du ETAk armak laga ostean gatazkaren konponbiderako zenbait pausu eman diren arren, presoen gaian ez dela aurrera pausorik ematen: "gaixo larrien egoera dago alde batetik, legez kalean egon beharko luketen hainbatek preso segitzen dute, dispertsioak jarraitzen du, atxiloketek ere bai...". Zentzu horretan, atzo Luhuson (Lapurdi) izandako atxiloketak salatu ditu: "ikusten ari gara estatuak betiko jarrera mantentzen duela: errepresioa eta bortizkeria".
Horri erantzun bat emateko, sortu dute Kalera, Kalera dinamika. Dinamika "zabal" bat izan dadin nahi dute, aldarrikapenetik harago doana. "Konponbidearen alde daudenak mobilizatzeko gune bat" izan dadin nahi dute, Lizundiaren esanetan.
Hala, ekimenarekin bat datozen herritarrei dei egin diete hurrengo hitzorduetan parte har dezaten. Hitzordu nagusien artean, gaur, 19:00etan Debagoieneko manifestazioa egingo dute Arrasaten.