Publiko guztiarentzat irekia izango den ikastaroa izango da, eta ez dago aurrez izena eman beharrik. Bertan, arte martzialetan Euskal Herriko eta Espainiako irakasle onenen artean daudenak batuko dira, kirol hori gehiago ezagutu eta, era berean, solidaritatea erakusteko. Mario Hermo, Jose Luis Arranz, Valentin Carrascal eta Atama eskolako irakasleak izango dira bertan, nahi duenari erakusteko prest.
Atama Kenpo Taldeko Rafa Carriet arduradunaren esanetan: "Maila guztietako eta mota ezberdinetako arte martzialak erakutsiko dizkiegu herritarrei eta interesa duenari, kirol honetara gerturatzeko asmoz. Borrokaz gain, balio ezberdinak sustatuko ditugu, solidaritatea oinarri izanik…".
Material bilketa frontoian
Arte martzialen ikastaroaz gain, Greziako errefuxiatuei laguntzeko materiala ere bertan batuko da. Horretarako, zerrenda bat egin dute, beharrezko gauzak bertara eramateko: janaria –fruta-potoak, esne-hautsa, tomatea, pasta, lekaleak, zukuak, olioa, atuna, azukrea, gatza, galletak, eztia…–, jaioberrientzako materiala –aulkiak, sehaskak, pixoihalak, umeentzat esnea…–, sendagaiak, etxeko tresnak, arropa –barruko arropa eta izarak–, garbitasunerako materiala eta beste batzuk –dendak, esterilak termoak…–.