Udalak iaz osoko bilkura batean onartu zuen euskaldun berriek euskara ikasteko egindako ahaleginaren aitortzan herriko txoko horri izen hori ematea. Ekitaldi instituzionala izango da, eta, plaka jartzeaz batera, Ixotu Euskara Taldekoak margotzen hasi diren murala amaituta ikusteko aukera izango dute ekitaldira gerturatzen direnek.
Ixotukoak pozik agertu dira egindako lanarekin, baina amaitu barik dute: "Hamar lagun inguru hasi ginen txantxangorriaren irudia marrazten, baina ez da samurra… Hala ere, detaileak falta dira oraindik egiteko, eta eguraldiak ere zeresan handia izango du. Asmoa da Euskaldun berrien plaza inauguratzean, murala amaitzea", adierazi du Xabi Uriartek, taldeko ordezkariak.