Kalejiraren ondoren, 20:00etan, kontzertua eskainiko dute hiru bandek Manuel Muñoz kiroldegian. Bertan, banda bakoitzak bi pieza joko ditu, eta banda guztiek elkarrekin hiru pieza joko dituzte.
Ekimen hau egitearen arrazoia da uztailean San Asentsioko bandaren gonbidapena jaso zutela Eskoriatzako bandako kideek bertara joateko, eta, han izan ostean, orain, trukean, errioxarrak eta Orduñakoak etorriko dira Eskoriatzara. San Asentsioko banda Jesus Urrutia Eskoriatzako musika eskolako ikasle ohiak gidatzen du, eta, Eskoriatzako bandako Angel Bañares zuzendariarekin hitz eginda, bandei indarra eta bultzada emateko antolatu dute topaketa. "Erlazio bikaina dugu bi banden artean, eta elkarri laguntzen saiatzen gara. Uztailekoa ez da lehen aldia izan bertan izan garena, beste behin ere izan ginen duela bi urte. Orain, Eskoriatzan elkartuko gara hiru bandak eta Orduñara ere joango gara aurrerago. Herrian giroa jarri nahi dugu, eta eguraldia lagun badugu, hobeto…", adierazi du Angel Bañaresek, Eskoriatzako bandako zuzendariak.
Haize-instrumentu joleak falta
Eskoriatzako bandak 30 urte inguru daramatza herrira musika zabaltzen. Urtean zehar hainbat ekitaldi egiten dituzte, eta, urte horietan gorabehera asko izan arren, goranzko bidean doazela adierazi du Bañaresek. "Gaur egun, haize-instrumentu joleak ditugu faltan, baina banda sortu zenetik jarraitzen duten musikariak ere baditugu… pozik egoteko moduan gaude".