Oraingo honetan, Korrikari eskainia

Txomin Madina Milikua 2016ko aza. 20a, 14:19

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Eskoriatzan estreinatu dute beste urte batez beraien ikuskizun berriena: Tipi-tapa, Korrika. Eta beste urte batez baita ere, jende asko erakarri zuten Manolo Muñoz kiroldegira.

Datorren urtean izango da Korrikaren 20. edizioa, baina Pirritx Porrotx, Marimotots eta konpainiak aurrea hartu, eta beraien ikuskizun berriaren ardatz bihurtu dute AEK-ren ekimena.

Atzo arratsaldean izan zen Tipi-tapa, Korrika ikuskizunaren estreinaldia Eskoriatzan, eta erakarri zuten jende kopurua ikusita, argi geratu zen Euskal Herriko txikien, eta handien, artean pailazo arrakastatsuenak izaten jarraitzen dutela.

Ikuskizunean irudikatzen duten Korrikan zehar, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak bisitatu zituzten, bakoitzean hiriko ikur baten parte-hartzearekin: Gasteizen, Zeledon eta Neska Txiki; Iruñean, Caravinagre kilikia; Donostian, bertako piraten ordezkari moduan, Patakon; eta Bilbon, Marijaia. Atzokoan, bestela ezin zitekeen moduan, Eskoriatza izan zen Koriakren helmuga, eta ibilbidean zehar kantu berriak eta zaharrak tartekatu zituzten ikusleen gozamenerako. Egan taldeko Xabier Saldiasi ere egin zioten keinua ikuskizunean, eta gaia zein zen kontuan hartuta, Debagoieneko AEK-koak ere igo ziren, festa giroan, agertokira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak