Irailean hasi ziren Gaztelekuko irudi aldatzearekin, eta margotze lanekin jarraitu zuten gazte batzuek aste bukaeran; beste batzuk, aldiz, sukalde txokorako altzarien muntaiarekin hasi ziren. Iratxe Arrese gaztelekuko hezitzaileak adierazi duenez: "Zurgintza tailerra genuen antolatuta aste bukaerarako, eta, horren harira, hainbat gazte sukaldea muntatzen eta margotzen aritu ziren. Geroz eta gazte gehiago hurbiltzen dira azkenaldian gaztelekura, eta berrantolatze lanak egitea erabaki genuen. Oraingoz, gogotsu daude gazteak, eta, poliki-poliki ari garen arren, itxura ona hartzen ari da…".
Sukaldeko altzariak muntatzeaz gain, hockey partidua egin zuten pilotalekuan, eta ondoren, areto futbol partidua ikustera joan ziren kiroldegira. Eskoriatzako taldeak liderraren aurkako partidua jokatu zuen, eta, markagailuan aurretik jarri baziren ere, 5-6 galdu zuten partidua. Hala ere, ez ziren falta izan gaztelekukoen animoak.
Gaztelekuko lanekin aurrera
Aste bukaera honetarako, berriz, hainbat ekintza dituzte aurrez antolatuta, baina batzuk alde batera utziko dituzte. "Degurixara mendi irteera egin behar genuen, baina, eguraldia nola dagoen ikusita, beste ekintza batzuk egitea pentsatu dugu. Bestalde, berrantolaketa lanekin jarraituko dugu, eta, horrez gain, modan dagoen botila orekaren jokoa seguru ez dela faltako aste bukaeran".
Modan dagoen botilaren jolasa
Botila airera bota eta hau jaustean zutik mantentzea da jokoaren funtsa. "Gazteak liluratuta daude joko honekin eta azkenaldian asko jokatzen ari dira; izan ere, modan dagoela esan daiteke".
Badator 'Gaztetxef' lehiaketa
Azaroaren 19an, 16:30ean Gaztetxef lehiaketa egingo dute gaztelekuan. "Umeek gogotsu hartzen dute lehiaketa. Iaz arrakastatsua izan zen eta aurten ere hala izatea espero dugu".