'Beldurrei agur' ikuskizuna Mari Jose Pagaldai gogoratuz

Imanol Beloki Unamuno 2016ko aza. 4a, 09:00
'Beldurrei agur' ikuskizuneko elkarte ezberdineko ordezkariak talde argazkian.

Beldurrei agur ikuskizuna egingo dute Eskoriatzako kiroldegian herriko elkarte eta eragile kultural ezberdinek Mari Jose Pagaldai eskoriatzarra gogoratzeko. Azaroaren 12an 22:00etan izango da eta parte-hartzaileak hauek izango dira: Beheko Errota Musika Eskolako irakasle eta ikasleak, gimnasia erritmiko taldekoak, kenpo taldekoak, Burrunba Kelele batukada, tai txi taldekoak, dantzariak, abesbatza, norbanakoak…

Mari Jose Pagaldai eskoriatzarra 2016ko apirilaren 13an zendu zen, eta oso ezaguna zen herrian. Hainbat ekintza burutu zituen herrian, eta adierazgarriena Herrixa Elkartuz ikuskizuna izan zen, duela bi urte San Pedro jaien egitarauaren barruan egindakoa. Bertan, herriko taldeek elkarlanean egindako lana taularatu zuten, ekintza ezberdinen fusioa nagusi izanda. Hala, bere lana ezagutarazteko eta jarraipena emateko antolatu dute ekimen hau.

Mari Jose Pagaldai gogoratuz

Lili Gonzalez Hondurastik etorritako eskoriatzarrak eraman du aurrera ekimena. Gonzalez Eskoriatzara etorri bezain pronto, harreman bikaina egin zuen Pagaldairekin, eta, berak transmititutako ideiak taularatuz, ekimena martxan jartzea pentsatu zuen Gonzalezek.

Izenburuak dioen moduan, beldurrak alde batera uzteko ikuskizuna izango da. "Dantzaria izan naiz bizitza guztian, baina Eskoriatzara etorri nintzenean utzi egin nuen. Mari Josek herriko elkarteak batuta egindako ekintzak kontatzen zizkidan, egin nahi zuena, bere pentsaerak… eta esan zidan, ni munduko pertsona izanik, lan horretan asko lagundu nezakeela. Hala, bere lanari jarraipena emateko eta modu batean ni ere herrian gehiago integratzeko ari naiz lan hau prestatzen", adierazi du Lili Gonzalezek.

Hala, herriari parte hartzearen garrantzia transmititu nahi zaio, omenaldia egin barik, Pagaldai  eta bere lana gogoan izateko. "Mari Josek esaten zidan bera ez zegoenean omenaldi hitza ez erabiltzeko: 'Egin dezakezu zerbait gogoratzeko eta nire izena agertu daiteke, baina nik nahi dudana da herrian alderdi kulturalean lanean ari direnak elkartzea". Azalpen hau oinarri izanda eraman da lan hau aurrera, eta horren erreferente da Mari Jose Pagaldai ezagutu ez zuten askok ere parte hartuko dutela Beldurrei agur ikuskizunean.

Batuz, elkar jarraituz

"Leunetik gogorrerako norabidea izango du ikuskizunak. Isilunetik zarataraino, herriak entzun dezan. Isilunea, indarra, ikusmena, entzumena, batura, zentzumenak… batuko ditugu nolabait". Bestalde, Araceli Telletxea Eskoriatzako musika eskolako irakasleak adierazi du: "Mari Josek beti esaten zuen beldurrak alde batera utzi behar direla, eta, nola ez, batez ere, ikuskizun bat egitean. Honen harira, umeekin lan egiteko garian, oso polita izan da. Parte hartuko duten haurrei beraien beldurrak zeintzuk diren galdetu diegu, eta oso ondo transmititu digute zeintzuk diren… Gainera, parte hartuko duten askok sekula ez zuten egingo ikuskizun hau, ez ziren inola ere oholtzara igoko, baina ikuskizunaren funtsaz bat eginez egitea erabaki dute".

Musika, dantzak, irakurketak… bakarka eta hauen arteko fusioak izango dira ikuskizunean Mari Jose Pagaldai gogoratzeko, eta antolatzaileek bertara joateko gonbidapena egin nahi izan diete herritar guztiei.

 

Lili Gonzalez: Antolatzailea

Pagaldaik eta Gonzalezek oso harreman ona izan zuten, eta hark irekitako bideari jarraipena emango dio Gonzalezek.

Zergatik ikuskizun hau?

Hark esaten zidan Eskoriatzan batura kulturala behar zela; eta bere pausoak jarraitzeko egingo dugu.

Nolako ikuskizuna izango da?

Isiltasun leunenetik gogorreneraino doana. Jendeak entzuteko zarata egin behar da? Hau adierazteko eta herria elkartzeko antolatu nahi izan dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak